Bueltan dira Matadeiko IX. Antzerki Jardunaldiak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 7a, 09:00
'Satiro' obraren irudi bat.

Igandean, hilak 9, IX. Antzerki Jardunaldiak hasiko dira Matadeixen. Fanny Giraud clown frantziarrak inauguratuko du aurtengo edizioa 'Juntos' antzezlanarekin, 19:00etan.

Aste honetan hasi eta ekainera bitartean, antzerkia izango da protagonista Matadeixen. Izan ere, igandean, hilak 9, hasiko dira IX. Antzerki Jardunaldiak, eta hilero antzezlan bat ikusteko aukera izango da. Bi urteko etena izan dute Matadeiko antzerki jardunaldiek. "Urtero 8-10 emanaldiko jardunaldiak antolatzea ez da gauza erraza. Lan handia eskatzeaz gain, antzerki munduarekin hartu-emana eta halako pasio moduko bat izatea eskatzen du", azaldu du Imanol Mujika jardunaldien antolatzaileak. Mujikak azaldu duenez, hainbat urtez antolaketa lanetan jarduteko talde finko bat izan dute jardunaldiek. "Taldekideren bat beste zerbaitetan dabilelako edo beste nonbait dagoelako, indarra itzaltzen joan zen; azken bi urteetan ezin izan da antolatu", gehitu du Matadeiko kideak.

Aurten, ordea, berriz berreskuratu dituzte antzerki jardunaldiak. Joan zen udazkenean Matadeixen izan zen emanaldi baten ondoren "arra" sortu zitzaien berriz ere antolatzaileei. "Guztiok botatzen genuen faltan", gehitu du Mujikak. Egitaraua azken urteetakoa baino txikiagoa den arren, otsailetik ekainera bitartean hilero taularatuko dute antzerki bat Matadeixen. "Ez da garai batekoa bezain egitarau mardula, baina estimua diogu igande arratsaldeetako antzerki saioei", adierazi du. 

Fanny Girauden Juntos antzezlana izango da aurtengo edizioko lehen antzezlana. Jardunaldiak osatzeko antzerki hautaketa egin dute antolatzaileek. "Ez gara oso urrutira joan. Azpeitiarrak, aurrez Matadeixen izandakoak, lagunak eta lagunek biziki gomendatutakoak, datorren igandekoa kasu", azaldu du Mujikak. Antolatzaileen arabera, antzerki jardunaldiek "erantzun ona" izaten duten normalean. "Egitarau bat osatzeak laguntzen du jendea gutxiago nahasten. Denetako jendea etortzen da, eta igande arratsalderako plan ederra da", adierazi du.

Igandean, lehen antzezlana

Datorren igandean, otsailak 9, antzerki jardunaldietako lehen lana taularatuko dute, Matadeixen: Juntos. Fanny Giraud clown frantziarrak Sofia pertsonaia gorpuztuko du Matadeiko agertokian, eta jaiotzaz nahiz bizitzaz hausnartuko du antzezlanean, besteak beste. Igandeko antzezlanaz gain, Erika Olaizola azpeitiarrak iaz estreinatu zuen Panpina, Bapatean Zirkoren Adabaki, Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen Birritan bortxatua eta Xanti Agirrezabalak Azpeitiko antzerki topaketetan aurrenekoz eman eta ikusleen saria irabazi zuen Satiro antzezlanak ikusteko aukera izango da Matadeixen ekainera bitartean. Antolatzaileen arabera haurrentzako modukoak izango dira Juntos eta Adabaki antzezlanak. Antzezlan guztiak igandeetan eta 19:00etan izango dira.

Hona hemen IX. Antzerki Jardunaldien egitaraua, osorik:

  • Otsailak 9, igandea. Juntos antzezlana, Fanny Girauden eskutik. 
  • Martxoak 15, igandea. Panpina antzezlana, Kamikaz kolektiboaren eskutik.
  • Apirilak 19, igandea. Adabaki antzezlana, Bapateanzirkoren eskutik. 
  • Maiatzak 17, igandea. Birritan bortxatua antzezlana, Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen eskutik.
  • Ekainak 28, igandea. Satiro antzezlana, Xanti Agirrezabalagaren eskutik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide