Inaktiboak diren pertsonak aktibo bihurtzeko, Mugiment egitasmoa aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 31a, 13:26
Aurkezpenean parte hartu dute ordezkariak.

Azkoitiko Udalak Mugiment egitasmoa aurkeztu du gaur, ostirala, udaletxean. Inaktibitatean bizi diren pertsonak aktibo bihurtzea da proiektuaren helburua. Ainhize Azpiazu azkoitiarrak hartuko du otsailaren 11tik aurrera Azkoitiko kirol orientazio zerbitzuaren ardura.

Gaur goizean, ostirala, Mugiment kirol orientazio zerbitzu berria aurkeztu du Azkoitiko Udalak. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea eta azkoitiarrak jarduera fisikoa egitera bultzatzea dira Mugiment egitasmoaren bi asmo nagusiak. Hainbat ordezkarik parte hartu dute proiektuaren aurkezpenean: Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Malen Ruiz de Azua Mugiment programako idazkari teknikoa, Iñaki Iturriotz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzu burua, Arantxa Uranga Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Sustapenerako teknikaria, Ainhize Azpiazu Azkoitiko kirol orientazio zerbitzuko ardurduna eta Alazne Ezkurra Azkoitiko osasun etxeko burua.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eman dio hasiera aurkezpenari, eta nabarmendu du ikuspegi komunitariotik Udalaren helburua dela "herritarren osasuna zaintzea". Horretarako, elikadura eta jarduera fisikoa "giltzarriak" direla gehitu du alkateak. "Pertsona inaktiboei baliabideak eta laguntza eman nahi dizkiegu beraien egunerokotasunaren ohitura onak har ditzaten. Pertsona aktiboak nahi ditugu, osasunean horrek duen eragin positiboarekin", azaldu du Zubizarretak. 

Jakinarazi duenez prebentzio mahaian ere lanean ari da Udala Azkoitia osasuntsua, Azkoitia bizia leloarekin. "Egitasmo honek besta programa eta saiakera batzuk osatzeko balioko du, beti ere fokoa pertsonen bizi kalitatean eta osasunean jarrita", adierazi du alkateak. Azkoitiko biztanleriaren %19,1ak 65 urte baino gehiago ditu, eta erakundeek zerbitzuak eskaintzeko "herritarren profila eta kolektibo desberdinen errealitateak" oso kontutan hartu behar dituztela azpimarratu du. "Adin batetik aurrerakoak dira gutxien mugitzen direnak, orokorrean, eta horientzat aproposa da Mugiment programa", gehitu du Zubizarretak.

Malen Ruiz de Azua Mugiment programako idazkaritza teknikoko partaideak hartu du hitza segidan. Azkoitiko Udala zorionduz hasi du agerraldia. "Euskadi Mugiment Euskadi osoan zabaltzen ari den proiektua da; helburua da Euskadi aktiboagoa lortzea, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea, alegia", azaldu du Ruiz de Azuak. Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen dituen jarduera fisikoa egiten ez dituzten pertsonak inaktibotzat hartzen dira, eta horiengana iristea da programaren asmoa.

Erakunde desberdinen artean lankidetza du programak. "Pertsona inaktiboena iritsi nahi bada, uste dugu jarduera fisikoaren sustapena ez dela eman behar soilik kirol arlotik. Ikuspegi zabalagoa behar da, eta horregatik sendoa da erakundeen arteko lankidetza", adierazi du. Bestetik, orientazio zerbitzuaren lan ildoa azaldu du. "Orientazio zerbitzuak pertsona inaktiboei bideratutako zerbitzuak dira espreski. Pertsona horiengana iristeko tresnarik eraginkorrena da hori", gehitu du Mugiment programako partaideak. Orientazio zerbitzu horien helburua da pertsona inaktiboetan jokabide aldaketa ematea.

Jokabide aldaketa emateko ardura Ainhize Azpiazu azkoitiarrak izango du. Azpiazuren egitekoa izango da pertsonen gida izatea, pertsonei aholkuak ematea eta laguntzea. Azpiazu Azkoitiko kirol orientazio zerbitzuko ardurdunak bere buruan jarritako konfiantza eskertu du agerraldian. Orientatzailea astearteetan osasun etxean egongo da 10:00etatik 12:00etara. Azpiazuk osasun etxeak orientazio zerbituzura bideratutako pazienteentzat hitzorduak hartuko ditu, eta ostegunetan, osasun etxera joan beharrik izan ez duten herritarrentzako hitzorduak hartuko ditu, Kultur Etxean. 

"Ahalik esku-hartze onena" egiten ahaleginduko dela azaldu du Azpiazuk. "Ikusten dut badagoela potentziala, jende asko dagoela murgilduta, eta badaukagula materiala eskuartean zerbitzua aurrera eramateko. Jarduera fisikoa egiteak onura dakar, baina pertsona bakoitzean zentratzea ere garrantzitsua da", azaldu du kirol zerbitzuko orientatzaileak. Pertsona bakoitzak behar duen tratua izango duela adierazi du. "Garrantzitsua da pertsonak entzutea eta horiei harreman goxoa ematea. Pertsonaren beharrak zein gustuak zein diren ezagututa eta bere egunerokotasuna jakinda, pertsonalizatutako zerbitzua eskaintzen saiatuko gara", esan du Azpiazuk. Harremanetarako, koz@azkoitia.eus helbide elektronikoan edota 688 76 39 63 telefono zenbakia eman ditu Ainhize Azpiazuk. 

Zerbitzua martxan, otsailaren 11n

Alazne Ezkurra Azkoitiko osasun etxeko buruak aurreratu duenez, kirol orientazio zerbitzua otsailaren 11n jarriko dute martxan. Azkoitiko osasun etxean astean egun bat jarriko dute horretarako: asteartea. Paziente guztientzako egongo da zabalik orientazio zerbitzua, baina "bereziki", paziente kronikoak, gehiegizko pisua dutenak eta obesitatea dutenak artatuko dituzte zerbitzuan. Ezkurrak nabarmendu du, medikuen edo erizainen kontsultetatik pasatzea nahitaezkoa izango dela orientazio zebitzura bideratzeko. "Aukera paregabea da guretzat eta paziente guztientzat", azaldu du osasun etxeko buruak.

Arantxa Uranga Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko osasun sustapenerako teknikariak desberdinen arteko lankidetza azpimarratu du. "Pertsona bat zerbitzura iristen denean bere osotasunean hartzen da, bere baliabideak, bere gustuak eta bere testuingurua kontutan hartuta. Programaren arrakasta hor dagoela adierazi du Urangak. Iñaki Iturriotz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzu buruak hainbat datu eman du. Adierazi duenez, Gipuzkoako biztanleriaren %32ak ez du lortzen jarduera fisiko gutxienekoari heltzea. Emakumeak %34 eta gizonak %10 direla argitu du. Gainera, %47ak ez du lortzen gustatuko litzaiooken bezainbesteko jarduera fisikoa egitea. "Oso eredugarria ari da izaten erakundeen arteko elkarlan prozesua", azaldu du Iturriotzek. Azkoitiko Udalak egiten duen "apustua" herritarrentzat "oparia" izango dela esan du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide