Ehunka pertsona elkartu da lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko manifestazioan

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 30a, 19:13

18:00etan hasi da manifestazioa herriko plazan, eta herriko kale nagusiak zeharkatu ditu berriz plazara iritsi aurretik. Ehunka herritarrek parte hartu dute protestaldian.

Azkoitiko Greba Batzordeak deituta, grebarekin bat egiteko manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar. Ehunka azkoitiarrek parte hartu dute Lan-pentsio-bizitza duinak. U30 Greba Orokorra lemapean egin duten protestaldian. Herriko plazatik hasi eta Ibaiondo kalean zehar, Julio Urkixo Etorbideraino iritsi da manifestazioa eta Plazaberritik berriz ere plazara iritsi dira. 

Greba Batzordeak azaldu duenez, grebak eragina izan du goizetik Azkoitian. "Zerbitzu publikoetatik hasita, merkatariek, tabernariek eta lantegietako langile asanbladek bat egin dute grebarekin", azaldu dute Greba Batzordetik. Herriko plazan egin dituzte hitzak batzordeko kideek manifestazioaren ondoren. "Gaurko termometroa ondo etorri zaigu guztioi, ikusteko aldarrikapenen inguruan gizarteak duen indarra", gehitu dute batzordetik. 

"Grebak izan duen erantzuna ikusita, erakundeei eta patronalari eskatzen diegu datorren asteetan gaur aldarrikatu ditugun erreibindikazioei irtenbide bat emateko", azaldu dute. Halaber, iragarri dute erakundeak eta patronala "adostasunera iristeko prest ez badaude edo urratsak ez badituzte ematen", udaberrian "mobilizazio gehiago" egingo dituztela. Manifestazioaren amaieran, eta aldarrikapenei eutsiz, greba egin duten herritarrak zoriondu ditu Azkoitiko Greba Batzordeak. Txalo artean amaitutzat eman dute manifestazioa.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide