Ibaia eta ibai ertzak garbitzeko lanetan ari dira Udala eta Uraren Euskal Agentzia

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 29a, 15:54

"Landareria berreskuratzeko" eta "ibaiaren egoera hobetzeko" asmoz, hainbat esku hartzen egin dute eredu desberdinetan, eta besteak beste, sastrakak eta zaborrak kendu eta "arriskua" eragin zezaketen zuhaitzak bota dituzte.

Azkoitiko Udala eta Uraren Euskal Agentzia (URA) ibaia eta ibaibideak garbitzen ari dira egunotan. Batez ere, sastrakak eta zaborrak kentzen ari direla jakinarazi dute, "landareria berreskuratzeko" eta "ibaiaren egoera hobetzeko" asmoz.

Bi erakundeen lankidetza hitzarmena dute sinatuta, ibaietan eta ibaibideetan esku har dezaten. Udalari dagokio ibaibideak eta herrigunetik igarotzen den ibaiaren zatia garbitzea, eta URA, berriz, herrigunetik kanpo dauden ibai ertzetan ari da lanean. Besteak beste, "tamaina handia hartzeagatik arriskua eragin zezaketen" bananondoak kendu dituzte hainbat lekutan, eta horien ordez, haltzak eta sahatsak landatuko dituzte. Horrez gain, ibaian pilatuta zeuden hiri-hondakinak jaso dituzte sastrakak kendu dituzte, eta besteak beste, Altzibarren, anulatorio parean eta Julio Urkixoko zubiaren eta Santa Klara auzoaren arteko ibai zatietan aritu dira txukuntzen brigadako langileak. Uraren Euskal Agentzia, bere aldetik, San Juanen, Altzibarren Garbigunea dagoen ibai zatiaren parean eta Santa Klara auzotik Julio Urkixo kaleko 40 zenbakirainoko tartean aritu da lanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide