Familiarteko tirabirak, agertokira

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 29a, 15:41
'Ene ba!' antzezlaneko kideak eta Sonia Vazquez Udaleko Kultura zinegotzia, aurkezpenean.

'Ene ba!' antzezlana taularatuko du Txalo Produkzioak konpainiak zapatuan, otsailak 1, Baztartxo antzokian. Familia afari batean oinarritzen da obra, eta harremanak, hipokrisia eta bestelako gaiak lantzen ditu.

Familia afari bateko solasaldi arrunt bat zena, katramilatzen hasi, eta zerbait ilunago bihurtuko da Txalo Produkzioak konpainiak zapatuan, otsailak 1, taularatuko duen Ene ba! antzezlanean; hitzordua Baztartxo antzokian izango da, 19:30ean. Begoña Bilbaok zuzendu du antzezlana eta Martin Agirrek euskaratu du. Duela aste batzuk aurkeztu zuten antzezlana Andoainen (Gipuzkoa), eta gaur, asteazkena,agerraldia egin dute udaletxean. Bertan izan dira, Sonia Vazquez Udaleko Kultura zinegotziaz gain Ane Gabarain eta Alazne Etxeberria aktoreak nahiz Martin Agirre obraren itzultzailea. Sinopsiari dagokionez, protagonistetako bat haurdun dago eta aitatasunari buruz hitz egiten hasiko dira afarian; haurraren izenaz hitz egiterakoan, ordea, dena korapilatuko da. 

Aktoreek azaldu dutenez, obra, izatez, frantsesa da eta Mathieu Delaporte eta Alexandre de La Pattelière dira egileak. Gabarainek azaldu duenez, "zertzelada dramatikoak dituen komedia mamitsua" da Ene ba! antzezlana, eta familiako eztabaida baten bitartez hainbat gai jorratuko dute antzezlanean: hala nola hipokrisia, harremanak, ametsak eta frustrazioak. Etxeberriaren arabera, obran "ezer ez da dirudiena", eta antzezlanak norabide ezberdinak izango ditu antzezlanean zehar: "Pertsonaia guztiek dute alderdi ilun bat. Gordetako gauzak ateratzen hasiko dira eta zakarkeria asko botako diote elkarri”, azaldu du Etxeberriak. Bestalde, bi aktoreek nabarmendu dute publikoaren artean harrera "oso ona" izan duela antzezlanak. 

Gabarainekin eta Etxeberriarekin batera Mikel Laskurain, Asier Sota eta Jose Kruz Gurrutxaga igoko dira agertokira. Azkoitian antzeztu ostean, berriz, beste hainbat herritan aurkeztuko dute obra; besteak beste, Tolosan, Lezon, Zumaian eta Lasarte-Orian. Horrez gain, obraren gaztelerazko bertsioa ere aurkeztuko dute otsailaren 8an, Balmasedan (Bizkaia).

Sarreren zozketa

Ene ba! antzezlana ikusteko bi bazkiderentzako bina sarrera banatuko ditu Maxixatzenek, eta zozketan parte hartzeko honako galdera hau asmatu beharko da: zein aktore azkoitiarrek parte hartzen du 'Ene ba!' antzezlanean? Erantzuna maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidali beharko da, urtarrilak 31, ostirala, baino lehen. Asmatzaileen artean zozketa egingo du Maxixatzenek, eta urtarrilaren 31n bertan jakinaraziko da irabazleen izena webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide