Biharko greba orokorrak eragina izango du herriko enpresa eta zerbitzu askotan

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 29a, 13:21
Azkoitiko Greba Batzordeak asteburuan egin zuen protesta saioaren irudi bat.

Pentsio, bizitza eta lan duinak aldarrikatzeko asmoz, lantegi, taberna eta saltoki askok ateak itxiko dituzte, besteak beste, Sidenorrek, Bernardo Ecenarrok, Osatuk, Maxi Eroskik eta Lidlek. Zerbitzu batzuk, berriz, bertan behera geratuko dira, hala nola kiroldegia, ludoteka eta Artxamendi Topalekua. Ikastetxeetan, berriz, askotariko erantzuna izango du grebak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta eta gehiengo sindikalak eta eragile sozial ugarik babestuta, greba orokorra izango da bihar, osteguna, Hego Euskal Herrian, eta herritarrek pentsio, bizitza eta lan duinak aldarrikatuko dituzte mobilizazioen bidez. Azkoitian, jarraipen zabala izango du greba orokorrak, eta Greba Batzordeak egun osoko protestak deitzeaz gain, dozenaka langilek eta herritarrek ere bat egingo dute greba orokorrarekin. Hori hala izanik, enpresa ugarik ateak itxiko dituzte, eta zerbitzu batzuk bertan behera geratuko dira; beste batzuek, aldiz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, udal langile gehienek grebaren alde bozkatu dute, baina bozketa ez da loteslea izan, eta beraz, bihar jakingo dute grebak zer jarraipen izango duen erakunde horretan. Dena den, aurreratu dute harrera zerbitzuko langileek greba egiten badute, Udaltzaingoa egongo dela gune horretan. Aizkibel Udal liburutegia, berriz, goizean itxita egongo da, eta arratsaldean ireki egingo dute. San Jose adinekoen egoitzan, bestalde, soilik gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte bihar.

Herriko lantegiei dagokienez, hainbat enpresa itxita egongo direla jakinarazi du Greba Batzordeak, hala nola Lidl, Maxi Eroski, Sammic, Gureak Lanean, Bernardo Ecenarro, Mecanizados Osatu, Katea Legaia, Intza, Zaher, Electromontajes Gohita, Juaristi TS Comercial, Sidenor, Ormola, Talleres Mecanizados Murua eta Erlo.

Herrixen merkatari elkarteko Zuzendaritza Batzordeak ere bat egin du biharko greba deialdiarekin. Haren arabera, grebaren aldarrikapen ugarik bat egiten dute "bertako merkataritza sektorearen eskaerekin", eta horregatik, elkarteko bazkideei eta herriko saltokiei gomendatu diete haiek ere greba egin dezaten. Dena den, azpimarratu dute "azken hitza" denda bakoitzak izango duela. Um Blem Ble tabernarien elkartea, bere aldetik, grebara batu da eta beraz, elkarte barruko tabernak itxita egongo dira bihar.

Hainbat zerbitzu, bertan behera

Bestalde, Elkarguneko langile gehienek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta horrenbestez, kiroldegia, Abarketatxo ludoteka eta Artxamendi Topalekua itxita egongo dira.

Anbulatorioko arreta zerbitzuan, berriz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte egun osoan zehar, eta gune horretan urgentziak artatzeko pertsona bana egongo da goizez eta arratsaldez; 08:00etatik 13:00etara eta 13:00etatik 17:00etara, hain zuzen ere. Sendagileen eta erizainen erabakien berri, berriz, bihar izango dute.

Horrez gain, Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bihar greba egingo dutela jakinarazi dute. Hori dela eta, garbigunea itxita egongo da, eta ez dute hondakinik jasoko. Beraz, herritarren edukiontzietako nahiz saltokietako eta industriaguneetako hondakinak jaso gabe geldituko dira.

Beste hainbat zerbitzutan ere eragingo du greba orokorrak, besteak beste, garraio publikoan. Hain zuzen ere, Lurraldebusek jakitera eman duenez, greba deialdiak UK01, UK02 eta UK04 lineei eragingo die, eta honako zerbitzu hauek bertan behera geratuko dira:

Herriko ikastetxeetan, bestalde, askotariko eragina izango du greba orokorrak: Bizilore Eskola Aktiboko profesionalek, esaterako, greba egingo dute bihar, eta itxita egongo da ikastetxea; Azkoitia BHIko irakasleen %90ak ere greba egingo du, beraz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte; Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ere gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte; Xabier Munibe Ikastolan, berriz, grebak zer erantzun izango duen bihar arte ezingo dutela jakin adierazi dute, baina jangela zerbitzurik ez dute eskainiko, hango langile guztiek greba egingo dutelako; Xabier Munibe Haurreskolan eta Floreaga Ikastetxean, aldiz, normaltasunez emango dituzte eskolak.

Protesta bete egun

Azkoitiko Greba Batzordeak, bere aldetik, egun osoko egitaraua prestatu du biharko, eta hamaika protesta saio eta ekintza egingo dituzte "bestelako eredu sozio-produktiboa" defendatzeko. Goizean goizetik hasita, esaterako, kotxe karabana aterako da Eroskiko aparkalekutik, eta ondoren, pikete informatiboak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, kafe tertulia, manifestazioa eta kazerolada zein anti-poteoa egingo dituzte.

Hona hemen biharko egitarau osoa:

  • 08:00. Kotxe karabana Eroskiko aparkalekutik.
  • 09:00. Pikete informatiboa.
  • 11:30. Hamaiketakoa grebalarientzat.
  • 12:00. Kontzentrazioa plazan.
  • 14:00. Bazkari autogestionatua, Kontzejupean.
  • 15:30. Kafe tertulia.
  • 18:00. Manifestazioa eta kazerolada.
  • 19:00. Anti-poteoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide