Azkoitiko adinekoek "osasun ona" dute, Hurkoak egindako inkestaren arabera

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 28a, 15:08
Hurkoa eta Adinberri fundazioetako eta Udaleko ordezkariak, gaurko agerraldian.

Hurkoa fundazioak 65 urtetik gorako azkoitiarren egoera aztertu du Udalarekin eta Adinberri fundazioarekin elkarlanean. Ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur, asteartea, udaletxean, eta haren arabera, adin nagusiko azkoitiarrek "osasun ona" dute oro har.

65 urtetik gorako herritarren hauskortasun eta ahultasun egoera aztertu ditu Hurkoa fundazioak Azkoitiko Udalarekin eta Adinberri fundazioarekin elkarlanean, eta gaur, asteartea, ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte udaletxean egindako agerraldian. Bertan izan dira Bakarne Etxeberria Hurkoa fundazioko kidea, Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Ongizate zinegotzia eta Rakel San Sebastian Adinberri fundazioko zuzendaria. Agerraldian eman dituzten datuen arabera, Azkoitiko bizilagunen %19,1ak 65 urte edo gehiago ditu, eta horietatik %9,8ak 75 urte baino gehiago. Hori dela eta, adinekoen bizi-kalitatea nahiz beren egoera eta behar sozialak ezagutu dituzte inkesta baten bidez.

Etxeberriak aurkeztu ditu ikerketaren emaitzak. Hark adierazi duenez, azterketaren helburua da Gipuzkoako adinekoen hauskortasunaren "argazkia ateratzea" eta hauskortasun egoeran dauden herritarren ezaugarriak antzematea. Adinekoen hauskortasuna zenbaterainokoa den jakiteko, haien osasuna, eguneroko jardueretarako dituzten mugak, harremanak sozialak nahiz ongizate emozionala aztertu dituzte, besteak beste.

Erroldaren datuen arabera, Azkoitian 65 urtetik gorako 2.200 pertsona baino gehiago daude, eta horietatik %20,59k menpekotasuna du. Hurkoa fundazioak 65 urtetik gorako 211 azkoitiarri egin die inkesta, eta horietatik 122 bakarrik bizi dira eta 89 lagunduta. Etxeberriaren arabera, Azkoitiko datuak "onak" dira oro har, baina hauskortasun egoeran dauden adinekoei "erantzuna" eman behar zaie. Osasunari dagokionez, herritarren osasuna "ona" da, eta 0tik 10erako eskalan bakarrik bizi diren herritarrek 7,3ko nota jarri diote beren egoerari; norbaitekin bizi diren herritarrek, aldiz, 7koa. Bakarrik bizi direnen artean, %2,5ak osasun egoera "txarra" edo "oso txarra" du, eta norbaitekin bizi diren pertsonen %9ak uste du beraien osasun egoera halakoa dela.

Ohiko ekintzak egiterakoan, galdetutakoen %82ak dio eguneroko jarduerak edo lanak egiteko duen gaitasuna "ona" edo "oso ona" dela, eta soilik %0,8ak uste du bere gaitasuna "ahula" edo "oso ahula" dela. Kudeaketa ekonomikoak edo legalak egiterakoan, berriz, %10ak aitortu du zenbait zailtasun dituela; etxeko lanak egiteko, %36ak du zailtasuna. Harremanei dagokienez, aldiz, 65 urtetik gorakoen %84 familiarekin egunero egoten da, eta %7ak senideekin ez du harremanik edo ez du gertuko senitartekorik. Bakarrik bizi direnen artean, %89 egunero ateratzen dira kalera erosketak egitera.

Bakarrik bizi direnen artean, galdetutakoen erdiak sentitu du bakardadea (%55,8), eta bakardadearen pertzepzioa askoz ere baxuagoa da norbaitekin bizi diren herritarren artean. Bizi-kalitateari dagokionez, berriz, 7,5eko nota jarri diote bakarrik bizi diren inkestatuek eta 7,4koa norbaitekin bizi direnek.

Etxeberriaren arabera, Azkoitian hauskortasun faktoreak dituzten herritarren kopurua ez da handia, baina adinean aurrera egin ahala, pertsonen hauskortasuna handituz doa: "Garrantzitsua da arlo indibidualean pertsonekin lan egitea, baina baita komunitatean ere. Herrian dauden elkarte eta taldeekin sare soziala sortzea beharrezkoa da, hauskortasun egoerak antzemateko eta gaiarekiko sentsibilizazioa sustatzeko", nabarmendu du Etxeberriak.

Bestalde, Ongizate zinegotziaren arabera, Hurkoa eta Udalaren arteko elkarlana "emaitzak ematen" ari da, eta "aurrerapausoak ematen jarraitzeko" laster beste proiektu bat martxan jarriko dutela nabarmendu du hark: "Urte gehiagoz bizi gara, hemengo gizon eta emakumeen bizi itxaropena Europako handienetarikoa da, eta horrek esan nahi du administrazioak zerbitzuak egokitzen joan behar duela guztion oinarrizko beharrak asetzeko", azaldu du Igoak.

San Sebastianek adinekoen hauskortasun eta ahultasunen aurrean, Adinberri fundazioaren estrategiaren berri eman du agerraldian: "Adinberrin sei erronka identifikatu ditugu: prebentzioa eta osasunaren promozioa, etxeko arreta integrala, egoitzen eredu berrian lan egitea, Silver ekonomia, baliozko zahartzea eta gizarte kohesionatua lortzea", azaldu du Adinberriren zuzendariak. Ildo horretatik, erronka horiei erantzungo dieten hainbat proiektu dutela eskuartean azaldu du San Sebastianek. Horrez gain, Hurkoa fundazioari eskerrak eman dizkio "egindako lan guztiagatik".

'Hauskor' proiektua, laster

Hauskortasun egoeran dauden pertsonen errealitatea ezagutzeko azterlana egin ostean, Hurkoak, Adinberriren babesarekin, Hauskor proiektua jarriko du aurten martxan, diagnostikoan jasotako hainbat beharri erantzuna emateko. Hauskortasun programaren helburu orokorra da menpekotasun eta isolamendu arrisku egoerak antzeman eta horietan esku hartzea, hauskortasun testuinguruan dauden adin nagusiko pertsonak babestuz eta baliabide sozial eta komunitarioak bideratuz. Zentzu horretan, proiektuak aurreikusten du kolaboraziorako eragile sare bat sustatzea, udaletako gizarte zerbitzuekin eta inguruko beste eragile batzuekin lan egiteko, hala nola, farmaziekin, komertzioekin, eta elkarteekin.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide