Saharara bidaltzeko elikagaiak ari dira biltzen Wadnako kideak

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 25a, 14:58

Sahararen aldeko elkartea Eroski saltokian ari da bilketa egiten, eta 20:30eak artean, pasta, lekaleak edota konpresak jasoko dituzte, ondoren Euskal Karabanarekin batera herrialde horretara bidaltzeko. Kanpainaren helburua da Tindufeko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuei laguntzea.

Wadna elkarteak antolatuta, Sahararen aldeko janari bilketa egiten ari dira gaur, zapatua, Azkoitian. Elkarteko kideak Eroski saltokian dira herrialde horretara bidaltzeko elikagaiak jasotzen, eta dozenaka herritarrek adierazi dute hango herritarrenganako elkartasuna eguerdira bitartean. Besteak beste, arroza, pasta, lekaleak, kontserbak eta konpresak jasoko dituzte, 20:30era bitartean.

Jasotako elikagaiak Sahararen aldeko XVI. Euskal Karabanarekin batera bidaliko dituzte herrialde horretara, datorren otsailean. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuei laguntzeko egitasmoa da Euskal Karabana, eta Zestoako Wadna eta Zumaiako Daralhi elkarteek proiektuarekin bat egin dute beste urte batez. Sahararrek duten elikagai eskasia tarteko, haiei laguntzea da proiektuaren helburua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide