Hilaren 30eko greba orokorrarekin bat egitera deitu du herriko hainbat eragilek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 24a, 19:29
Azkoitiko Greba Batzordea, greba orokorraren aurkezpenean.

Azkoitiko zenbait eragilek agerraldia egin dute gaur, ostirala, Elkargunean, eta azkoitiarrei hilaren 30eko greba orokorrera batzeko deia egin diete. Horrez gain, urtarrilaren 30eko Azkoitiko ekintzen egitaraua aurkeztu dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du hilaren 30erako, eta gaur, ostirala, greba orokorrera batzeko eskatu die herritarrei Azkoitiko hainbat eragile sozial, sindikal eta bestelako elkarte nahiz norbanakok.

Azkoitiko Greba Batzordeko kideek adierazi dutenez, "konbentzimendu hirukoitz" batek batzen ditu herritarrak greba egitera: pentsiodunen aferak, lan baldintza duinen aldeko borrokak eta eskubide sozialen defentsak. "Bestelako eredu sozio-produktibo bat defendatzen dugu, bizitza duinak erdigunean jarri, zaintzari dagokion garrantzia eta aitortza eman, eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emango dion eredua", azaldu dute antolatzaileek. Kapitalak "indartsuenaren legea" ezartzen duela nabarmendu dute Greba Batzordeko kideek, eta "multinazional handiei" nahiz "sistema neoliberalaren joko arau ankerrari planto" egiteko eskatu diete herritarrei datorren hilaren 30ean.

Bestalde, hilaren 30ean greba egiteko "hamaika arrazoi" dagoela azpimarratu du Azkoitiko Greba Batzordeak, eta enpleguaren zein pentsiodunen eta eskubide sozialen inguruko zenbait neurri zehatz aldarrikatu dituzte agerraldian: hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata, lanaldia 35 ordutara jaistea soldata murriztu gabe nahiz gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin eta pentsio arrakalarekin amaitzea. "Bada gauzak egiteko beste modu bat, badira alternatibak, eta horien defentsan mobilizatuko gara", azaldu dute antolatzaileek. Ildo horretatik, gobernu eta instituzioak aldaketarako prest ez badaude, "behartu" egingo dituztela azpimarratu dute.

Egitarau oparoa

Hilaren 30erako egun osoko egitaraua antolatu du Azkoitiko Greba Batzordeak. Goizean goizetik hasita, kotxe karabana aterako da Eroskiko aparkalekutik, eta ondoren, pikete informatiboak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, kafe tertulia, manifestazioa eta kazerolada zein anti-poteoa egingo dituzte.

Hona hemen urtarrilaren 30eko egitarau osoa:

  • 08:00. Kotxe karabana Eroskiko aparkalekutik.
  • 09:00. Pikete informatiboa.
  • 11:30. Hamaiketakoa grebalarientzat.
  • 12:00. Kontzentrazioa plazan.
  • 14:00. Bazkari autogestionatua, Kontzejupean.
  • 15:30. Kafe tertulia.
  • 18:00. Manifestazioa eta kazerolada.
  • 19:00. Anti-poteoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide