'Kale garbiak' kale animazio saioa egingo dute gaur, 'Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe' kanpainaren barruan

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 24a, 12:10
'Kale garbiak' kale animazio saioaren irudi bat. (Intujai)

Intujai Treatroak eskainiko du ikuskizuna arratsaldean, herriko plazaren eta Balda plazaren artean. Astelehenean, berriz, ikasleek ikastetxeetako atariak eta kaleak garbituko dituzte.

Herritarrak kaleko garbitasunaren inguruan sentsibilizatu daitezen, martxan da Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kanpaina, eta horren barruan, Kale garbiak kale animazio saioa eskainiko du Intujai Teatro taldeak, gaur, ostirala. 18:30etik 20:00etara iraungo du ikuskizunak, eta antzezleak herriko plazaren eta Balda plazaren artean arituko dira saioa eskaintzen. Antolatzaileen arabera, emanaldiaren helburua zera da: "Kaleak garbi eustearen garrantziaz eta espazio publikoak zaintzeaz kontzientzia hartzea herritarrek". 

Udalak eta herriko zenbait eragilek jarri dute martxan Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kanpaina, eta zuzen ere, Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten ikasleen proposamena izan da egitasmoa antolatzea; hau da, Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleena. Horiez gain, Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Herrixen merkatari elkarteak, Azkoittiko Tabernaixek elkarteak eta herriko ostalariek, Kizar eta Ñam-ñam gozoki dendek, Parrokiako taldeak, Eguzki eta Zuhaitzak Bizirik elkarteek eta Azkoitiko Gazteria Zerbitzuak ere parte hartu dute.

Astelehenean, garbiketa herrikoia

Egitasmoaren barruan, askotariko jarduerak antolatu dituzte datozen egunetarako, eta gaurko ikuskizunaz gain, astelehenean ere izango da zer eginik; izan ere, ikastetxeek garbiketa herrikoia egingo dute datorren astelehenean, eta udalak ekintza horren xehetasunak eman ditu. Haren arabera, Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako neska-mutilek ikastetxeko ataria garbituko dute, eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko eta Azkoitia BHIko ikasleak herriko plaza eta Balta plaza artean, Oteiza frontoietan, Intsaustiko parkean eta parke estaliaren inguruan arituko dira hondakinak jasotzen, 11:00etatik 12.30era artean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide