Iaz 39 ekintzailetza proiektu lagundu zituen Iraurgi Berritzenek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 23a, 17:27

Garapen agentziaren ekintzailetza zerbitzura 96 lagunek jo zuten iaz. Orotara, 39 proiektu lagundu zituen Iraurgi Berritzenek, eta hamabost enpresa sortu zituzten ekintzaileek. Hamabost proiektuak martxan jarri dituzten ekintzaileek 937.056 euroko inbertsioa egin dute guztira, eta 32 lanpostu sortu dituzte.

Iraurgi Berritzenek ekintzailetzari lotutako 2019ko datuak kaleratu ditu, eta garapen agentziak azaldu duenez, iaz 96 ekintzailek jo zuten zerbitzu jakin horretara. Guztira, 47 emakume eta 49 gizon joan ziren ekintzailetza zerbitzura laguntza eske. Artatu zituzten pertsona guztietatik 36 ziren 18 eta 32 urte bitatekoak; 45, berriz, 33 eta 49 urtekoak; eta hamabost 50 eta 65 urte artekoak. Ekintzaile gehienak Azpeitikoak dira; 48 lagun, hain zuzen ere. Aldiz, Azkoitikoak 34, Zestoakoak zortzi, Aizarnazabalgoa bat eta eskualdetik kanpokoak 11. Ekintzailetza zerbitzura jo zuten 96 lagunetatik 34k oinarrizko ikasketak dituzte, 36k Lanbide Heziketako tituluak eta 26k unibertsitate ikasketak.

Iraurgi Berritzenek, guztira, 39 egitasmo lagundu zituen iaz: lehen sektoreko bat, eraikuntzaren sektoreko beste bat, industriaren sektoreko lau eta zerbitzuen eremuko 33. Proiektu horietatik 28 norbanakoek gauzatu dituzte, eta 11 egin dituzte taldean. Orotara, 2019an hamabost enpresa sortu zituzten ekintzaileek: lau saltoki txiki zabaldu zituzten; sei ostalaritza arloko enpresa; bi osasun eta gizarte zerbitzuetako; arte, aisialdi eta entretenimendu zerbitzuei lotutako bat; eta garraio eta biltegiratze zerbitzuen bueltako bat. Hamabost proiektuak martxan jarri dituzten ekintzaileek 937.056 euroko inbertsioa egin dute guztira, eta 32 lanpostu sortu dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide