Emakumeak ahalduntzea helburu, askotariko ikastaroak prestatu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 23a, 12:07

Emakumeak ahalduntzeko asmoz, martxan jarriko dituzte batukada eta menopausiaren, etxeko konponketen eta zoru pelbikoaren inguruko ikastaroak. Hilaren 31ra bitartean eman daiteke izena, Udalean.

Udaleko Berdintasun Sailak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak prestatu ditu beste behin ere, eta egitasmoaren edizio berria aurkeztu dute gaur, udaletxean. Emakumeek lau ikastarorekin hasiko dute 2020. urtea, eta askotarikoak izango dira saioetan jorratuko dituzte gaiak: batukada, etxeko konponketak, zoru pelbikoa eta menopausia, hain zuzen ere.

Mertxe Zubillaga Berdintasun Saileko zinegotziak, Begoña Gorostiaga Udaleko Berdintasun teknikariak eta Aratz Trecet eta Josune Milan irakasleek aurkeztu dute ikastaro sorta. Zubillagak adierazi duenez, etxeko konponketen tailerrak aurreko edizioan izan zuen arrakastaren ondotik erabaki dute bigarrenez martxan jartzea, eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko irakasle den Trecetek eskainiko ditu saioak, ikastetxean bertan. "Askotan, tamalez, gizonei eskatzen dizkiogun etxeko konponketa xumeak egiteko trebeak gara emakumeak ere, eta ikastaroaren helburua da emakumeek horretarako beldurra galtzea", adierazi du Trecetek. Taladroa, masilla eta zerra erabiltzen edota pitzatutako paretak tapatzen ikasiko dute han parte hartzen dutenek.

Bestalde, laugarrenez eskainiko dute zoru pelbikoaren inguruko ikastaroa, eta Milan izango da saioak gidatuko dituena. Fisioterapeutak adierazi duenez, zoru pelbikoa zer den, zer funtzionamendu duen, arazoak nola prebenitu daitezkeen eta arazoen aurrean zer egin daitekeen azalduko du saioetan. Alerdi praktikoa ere izango du ikastaroak, eta ariketen bidez, zoru pelbikoa eta inguruko giharrak indartzen ikasiko dute.

Horiez gain, batukada eta menopausiaren inguruko ikastaro bana eskainiko dute datozen hilabeteetan. Hango irakasleek ezin izan dute gaurko aurkezpenean izan, baina Udalak adierazi duenez, "bizipen tailerra" izango da menopausiarena. Virginia Belategik eskainiko du martxoa eta apirila artean. "Batetik, menopausia garaian dauden emakumeei informazioa eta baliabide praktikoak eskaini nahi dizkiegu, hain ezezaguna den eta baztertuta dagoen etapa hori modu osasuntsuan kudea dezaten, fisikoki zein emozionalki; bestetik, zailtasunak eta bizipenak partekatzeko eta elkar laguntzeko, konfiantzazko gune bat sortu nahi dugu", esan du Gorostiagak. Berdintasun teknikariaren arabera, menopausiaren gaia begirada positibotik jorratuko dute. "Askotan, menopausia galera bezala ikusten dugu, baina inork ez digu hitz egiten garai horrek ekar ditzakeen irabaziez. Belategiren esanetan, menopausiak emakumeari barrura begiratu eta dituen premiez jabetzeko aukera ematen dio", esan du teknikariak.

Ez da berria batukada ikastaroa, eta hango kideek eta hara batu nahi dutenek hilaren 27an hasiko dute ikastaroa, Ainara Sarasketaren eta Arantxa Albizuren gidaritzapean. Hilean saio bat edo bi egingo dituzte, Izarraitz Lanbide Eskolan.

Izen-ematea, zabalik

Ekainera bitartean iraungo dute lau ikastaroek, eta urtarrilaren 31ra bitartean eman daiteke izena, 943-08 00 80 telefonora deituta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita. Udaletxeko Harrera Bulegoan ere eskuratu daiteke informazio gehiago, 07:30etik 15:30era artean. Ikastaroen prezioa hemezortzi eurokoa da, baina langabetuek, ikasleek eta pentsiodunek hamabi eurotan izango dute izen-ematea. Udal ordezkariek emakume guztiak animatu dituzte ikastaroetan parte hartzera, saioen aitzakian topaguneak sortzea duelako helburu egitasmoak. Era berean, eskerrak eman dizkie Izarraitz Lanbide Heziketa zentroari, elkarlanerako izan duen prestutasunarengatik.

Emakumeak ahalduntzeko ikastaroak:

  • Etxeko konponketak:

Irakaslea: Aratz Trecet; egutegia: otsailak 4, 11, 18 25 eta martxoak 3, 10, 17 eta 31; ordutegia: 18:00etatik 20:00etara, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan.

  • Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa:

Irakaslea: Josune Milan; egutegia: otsailak 6, 13, 20, 27 eta martxoak 5 eta 12; ordutegia: 15:15etik 16:30era, Elkargunean.

  • Menopausia:

Irakaslea: Virginia Belategi; egutegia: martxoak 4, 11, 18 25 eta apirilak 22 eta 29; ordutegia: 18:00etatik 20:30era, Elkargunean.

  • Batukada:

Irakasleak: Ainara Sarasketa eta Arantxa Albizu; egutegia: urtarrilak 27, otsailak 3,17 eta martxoak 9 eta 23, apirilak 20, maiatzak 4,8 eta ekainak 1; ordutegia: 18:00etatik 20:00etara, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide