Zuhaitzak moztu behar dituztelako, itxita egongo da Altzibar eta Kale Nagusia lotzen dituen errepidea

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 23a, 09:32
Azaroan erori zen zuhaitza. (Argazkia: utzitakoa)

Datorren zapatuan, urtarrilak 25, Altzibar eta Kale Nagusia lotzen dituen errepidea itxita egongo da bide ondoko zuhaitzak moztu behar dituztelako. Bidea bi norabidetan itxiko dute 08:00etatik 20:00etara. 

Datorren zapatuan, urtarrilak 25, itxita egongo da Altzibar eta Kale Nagusia lotzen dituen errepidea. Bidea bi norabidetan moztuko dute 08:00etatik 20:00etara. Udalak zuhaitzen jabeei landareak mozteko eskatu die, erortzeko arriskuan daudelako. Azaroan zuhaitz bat errepide gainera erori zen; 2015ean ere erori zen beste bat. Tamaina eta pisu handia hartu dute eta sortzen duten arriskuaren aurrean, zuhaitzak moztea erabaki dute.

Udalaren aurreikuspenaren arabera, lanak zapatuan bertan amaituko dituzte, baina gerta liteke lanak luzatzea eta zuhaitz mozketekin igandean jarraitu behar izatea. Ibilgailuek saihesbidea erabili beharko dute lanek irauten duten bitartean.

Aldaketak autobus geltokietan

Lanen eraginez aldaketak izango dira autobus geltokietan. Zapatuan —eta lanak amaitu ezean, igandean ere bai— Anaitasuna plaza pareko bi geltokietan autobusak ez dira geldituko. Geltoki horien ordez, Altzibarko biribilgunean jarriko dute geltoki bat.

Halaber, Ibaiondo kalean, gasolindegi ondoan dauden geltokiak ere ez dira erabilgarri egongo, eta Aizkibel liburutegi ondoko geltokira joan beharko dute garraio publikoa erabili nahi dutenek.

Autobusak Altzibarko biribilgunean geldituko dira, eta handik, saihesbidetik zehar, herrigunera sartuko dira; Trenbidearen Zumardian, liburutegi ondoan, dagoen geltokira sartuko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide