'Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe' kanpaina jarri dute martxan Udalak eta herriko hainbat eragilek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 22a, 14:32
'Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe' kanpaina aurkeztu dute.

Kale garbitasunaren inguruko kanpaina jarri du abian Azkoitiko Udalak hainbat eragilerekin elkarlanean. Askotariko jarduerak egingo dituzte kanpainaren barruan; tartean, ostirala, hilak 24, kale animazio saioa izango da, 18:30ean hasita.

Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kale garbitasunaren inguruko egitasmoa jarri dute martxan Azkoitiko Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute ekimena herriko plazan, eta bertan izan dira Azkoitiko Udaleko kideak eta herriko eragileetako zenbait ordezkari.

Ana Azkoitia zinegotziak adierazi duenez, Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten ikasleen proposamena izan da Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kanpaina: "Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek lan mardula egiten dute Eskolako Agenda 21en barruan ikasturte osoan zehar, eta Udalak urtero egiten duenez ingurumenarekin lotutako kanpaina bat, aurten, Eskolako Agenda 21eko ikasleei erantzun nahi izan diegu haien eskera garatuz. Horixe izan da kanpainaren abiapuntua", azaldu du zinegotziak.

Agenda 21en parte hartzen duten partaideez gain, egitasmoarekin bat egin dute Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Herrixen merkatari elkarteak, Azkoittiko Tabernaixek elkarteak eta herriko ostalariek, Kizar eta Ñam-ñam gozoki dendek, Parrokiako taldeak, Eguzki eta Zuhaitzak Bizirik elkarteek eta Azkoitiko Gazteria Zerbitzuak.

Jarrera kontua

Udalaren arabera, egungo gizartean hiriguneak txukun mantentzeari "gero eta garrantzia handiagoa" ematen diote herritarrek, eta jendeak "positiboki" baloratzen du kaleak egunero garbitzea. Horrez gain, Udalak narbamendu du herritarrak "gero eta kontzienteago" direla kaleen egoeraz, eta "ukaezina" dela herritarren gehiengoak arduraz jokatzen duela eta kaleak eta ingurunea zaintzen dituela. Hala ere, jendeak hainbat "jokabide desegoki" izaten jarraitzen duela azpimarratu du Udalak: hala nola zigarro puntak lurrera botatzea; plastikoak, papera, pipa azalak eta txikleak lurrera botatzea; txakurren kakak jaso gabe uztea nahiz taberna inguruetan edalontziak eta bestelakoak uztea.

Ildo horretatik, Udalak adierazi du "ahalegin berezia" egiten duela, besteak beste, herriko kaleak garbi mantentzeko zein lorategiak zaintzeko. Hori dela eta, herritarrek "txukunago" jokatuko balute kaleen garbiketara bideratutako aurrekontua "herritarren onurarako beste zereginetan" erabiliko litzatekeela azpimarratu du. Horren harira, Ana Azkoitiak nabarmendu du Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe egitasmoaren helburuetako bat dela, besteak beste, herritarrak kale garbitasunaren gaiaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea.

Askotariko jarduerak

Kanpainaren barruan, hainbat jarduera antolatu du Azkoitiko Udalak. Ostiralean, hilaren 24an, Kale garbiak kale animazio saioa eskainiko du Intujai Teatro taldeak. 18:30ean hasiko da ikuskizuna, eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira antzezten.

Horrez gain, herriko saltokietan, eraikin publikoetan, ikastetxeetan eta beste hainbat leku esanguratsuetan kanpainako kartelak itsatsiko dituzte. Mahai gainean jartzeko eranskailuak ere banatuko dituzte egitasmoko irudiarekin eta mezuarekin; bereziki, terrazak dituzten ostalaritza guneetan. Bestalde, pipa azalak jasotzeko ontziak ere banatuko dituzte gozoki denetan nahiz gazteen topalekuetan, ikastetxeetan, kirol instalazioetan eta kultur guneetan.

Herriko ikastetxeetako taldeak ere izango dira protagonista kanpainan zehar, hiriguneko eremu baten garbiketa herrikoia egingo baitute hilaren 27an. Horren ostean, berriz, garbiketa horretan jasotako hondakinak plazan jarriko dituzte ikusgai, eta ondoren, bakoitza zuzen sailkatuko dute.

Sarean ere izango du lekua Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kanpainak; Iban Garcia azkoitiarrak kale garbiketaren inguruko ikus-entzunezko edukiak sortuko ditu, eta Instagram eta Facebook sare sozialetan publikatuko dituzte horiek.

Hona hemen Erlo Telebistak egindako bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide