On Bosco jaiak ospatuko dituzte Floreagan, San Joan Bosco gogoratzeko

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 22a, 09:35

Azken urteetan bezala, askotariko ekitaldiekin ospatuko dituzte jaiak ikastetxean, eta otsailaren 2an, Ikasle Ohien Batasunaren festarekin amaituko dute egitasmoa.

San Joan Bosco 1888ko urtarilaren 31n hil zela gogoratuz, Azkoitiko Floreaga ikastetxea Don Bosco jaiak ari da ospatzen, eta beste urte batez, askotariko ekitaldiak izango dira ikastetxean zein elizan. Joan zen ostiralean hasi zituzten Don Bosco jaiak, eta Inazio Arrieta Ixkurre misiolari salestarrak Ekuadorren egindako lanaz hitz egin zien DBHko ikasleei. Besteak beste, hezkuntzaz, emakume nekazariez eta salestarrek kaleko umeen alde duten proiektuaz hitz egin zuen misiolariak.

Datorren astelehenean, hilaren 27an, jarraituko du egitasmoak, eta egun horretatik aurrera, Floreagan ikasi zuten Maialen Sudupe igerilariak eta Joseba Diaz korrikalariak eta Alkoholiko Anonimoak taldeko kideek eskainiko dituzte hitzaldiak. Era berean, bertso saioak, magia ikuskizunak eta film emanaldiak izango dira egitarauaren barruan.

Larunbatean, otsailaren 1ean, berriz, Floreagako Hezkuntza eta Pastoralgintza komunitateak afaria egingo du Joseba jatetxean, eta hara joateko interesa duenak 943-85 30 43 telefonora deitu edo floreaga@floreaga.eus helbidera idatz dezake. Ohi bezala, Ikasle Ohien Batasunaren festarekin amaituko dituzte ospakizunak. Egun horretan, meza egingo dute Floreagako elizan, 12:00etan, eta ondoren, taldeko argazkia aterako dute. Eguerdian, 14:00etan, bazkaria egingo dute Hotel Loiolan, eta hara joateko txartelak hilaren 30era arte eros daitezke Lujan dendan, 25 euroren truke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide