'Högeitavåt' poesia emanaldia eskainiko dute Iñigo Astizek eta Mikel Aierbek, Matadeixen

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 21a, 10:17

Astizek idatzitako Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, "mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei" eskainitako poema irakurketa eszenikoa eskainiko dute bi lagunek igandean. Poesia ez ezik, antzerkia, hitza eta perfomancea uztartuko dituzte saioan.

Iñigo Astizek eta Mikel Aierbek Högeitavåt poesia emanaldia eskainiko dute datorren igandean, hilaren 26an, Matadeixen. Astizek idatzitako Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, "mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei" eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute bi lagunek, eta saioaren muina poesia bada ere, antzerkia, hitza eta performancea nahastuko dituzte emanaldian. Sortzaileek adierazi dutenez, gainera, poesia irakurketan alor intimoa eta soziala uztartuko dituzte. 19:00etan hasiko da saioa, eta 45 minutu inguru iraungo du. 

Ez da lehenengo aldia Astizek eta Aierbek elkarrekin ikuskizuna bat sortzen dutela. Izan ere, 2014an Hondakindegia. ikuskizun poetiko EZ musikatua ondu zuten. Biek ala biek dute esperientzia luzea letren bueltan: Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) idazleak hainbat liburu du argitaratuta, hala nola Baita hondakinak ere (2012, Susa) eta Analfabetoa (2018, Susa) poema liburuak, Kixotenean (2016, Elkar) kronika liburua eta Joemak eta polasak (2019, Elkar) ume eta gazteentzako poesia lana. Horrez gain, Sylvia Plath idazlearen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean), eta Sandro Penna poetaren bilduma bat ere (Farmazia Beltza eta eFi) ere itzuli ditu. Era berean, 2017an Alberto Barandiaran eta Miren Rubio kazetariekin batera plazaratu zuen Ez duzu abusatuko, pederastia kasuak Euskal Herriko elizan (2017, Elkar) ikerketa lana. H28 aldizkari satiriko digitalaren sortzailetako bat izan zen, eta egun, Berria egunkariko kazetaria da, kultura sailean; Aierbek (Azpeitia, 1980), berriz, Gasteizko Letren Fakultatean lan egiten du, euskal literaturako eskolak ematen. Hark ere hainbat lan argitaratu ditu azken urteetan, besteak beste 36ko gerraren eta egungo gatazka sozio-politikoen inguruko ipuinak biltzen dituen Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts (CBS, 2012) eta Euskal Narratiba Garaikidea: Katalogo bat (Etxepare Euskal Institutua, 2012). Berria egunkarian literatur kritikari lanak egin izan ditu azpeitiarrak, eta Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ere hainbat lan egindakoa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide