Udaletxearen historia ezagutu dute herritarrek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 18a, 12:40

Bisitariek udaletxearen kanpoko eta barruko historia gehiago ezagutu dute gaur egin duten bisita gidatuan. Udalak bigarren aldiz ireki ditu ateak modu honetako bisita gidatua egiteko; iaz egin zuen lehena.

Azkoitiko udaletxeen historia ezagutzeko bisita gidatua eskaini du gaur, zapatua, Udalak. 30 lagun inguruk parte hartu dute saioan. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko historialariak eta kronistak gidatu du bisita, eta herriak historian zehar izan dituen udaletxeen inguruan hitz egin du herriko plazan. Beste hamaika bitxikeria ere kontatu ditu Mendizabalek.

Gero, udalera egin dute jauzia bisitariek, eta han beste hainbat azalpen eman du historialariak. Azkoitiko gaur egungo udaletxea 1730ean eraiki zen, Jose de Lizardi arkitektoaren eskutik. Herriko hirugarren udaletxea da, aurrez beste bi udaletxe izan baitziren Plazaberrin.

Udalbatza-aretoa, alkatetza, udal artxibategia eta udaletxea osatzen duten sail guztiak bisitatu dituzte. Eraikin publiko eta administrazio gisa urteen poderioz udalak izan duen bilakaera jakinarazi du historialari azkoitiarrak. Udaletxeko kartzela, kapera, zezendegia, alondegia eta korrejidorearen bizitokia ere hizpide izan ditu. Udal artxiboan gordetzen den 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Parrokiaren lehen planoa ere ezagutu dituzte gaurkoan herritarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide