Idiakez Ederreko etxebizitzen inkesta aurkezteko epea bihar amaituko da

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 16a, 10:40

Udalaren webgunean, azkoitia.eus-en, bete daiteke inkesta, eta informazio gehiago nahi duenak Azkoitia Lantzenera jo dezake.

Idiakez Ederra edo Nagusia 80 eraikinean babes ofizialeko hamasei etxebizitza egingo dituzte, eta han etxea erosi nahi duten herritarren profila ezagutzeko, Udalak inkesta bat jarri zuen martxan abenduan, etxebizitzak eraikiko dituen Visesa sozietate publikoak hala eskatuta. Interesa duten herritarrek Udalaren webgunean dagoen galdetegia bete behar dute, eta horretarako epea bihar, ostirala, amaituko da.

Inkesta anonimoa da, eta etxebizitzaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Azkoitia Lantzenera jo dezake argibide eske. Horretarako, udaletxera joan edo 943-85 71 51 nahiz 943-08 00 80 telefonoetara deitu beharko dute interesatuek. Etxebiden izena emanda daudenek edota babestutako etxebizitza publikoa eskatzeko bete beharreko baldintzak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute etxebizitza Idiakez Ederran. Horrez gain, etxebizitza irisgarririk ez duten 70 urtetik gorako pertsonek ere egin ahal izango dute etxebizitzaren eskabidea.

Esleipena, aurten

Udalak eta Visesak duela urtebete aurkeztu zuten Idiakez Ederra etxeak datozen urteetan hartuko duen itxura, eta orduan adierazi zutenez, eraikinaren beheko solairua Plaza Ondo jubilatuen etxeak hartuko du, eta ondorengo lau solairuetan logela bat ea hiru arteko launa etxebizitza egingo dituzte. Visesaren aurreikuspenen arabera, aurten esleituko dituzte etxebizitzen lanak, eta 2023. urte amaieran bukatuko dituzte obrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide