Zaldiaren itzal luzea, agerira

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 16a, 09:33

Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek ekoitzi duten 'Zaldi urdina' obra taularatuko dute bihar, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 

"Ezkutatua izan den historia gizarteratzea"; hori da Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek elkarlanean ekoitzi duten Zaldi urdina obraren muina. Hiru urtean behin, hiru konpainiak elkartu ohi dira euskarazko obra bat sortzeko, eta Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna antzezlanetan askotariko gaiak jorratu ostean, Euskal Herriko drogen fenomenora eta horrek inguratzen duen auzira jo dute laugarrena ontzeko. Hain zuzen ere, azken lana taularatzeko, geldialdia egingo dute konpainiek bihar Azkoitian, eta emanaldia eskainiko dute Baztartxo antzokian.

Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Edurne Azkarate, Urko Redondo, Miren Alkala eta Oier Zuñiga aktoreek osatzen dute talde artistikoa, eta istorioak honako hau du abiapuntu: Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, techno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren; zaldi urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari, eta Aingeruren  desagerpenaren ostean, polizia, familia zein lagunak laster hasiko dira bere bila.

Ximun Fuchs da obraren zuzendaria, eta haren hitzetan, bazegoen behar bat gai hori "zintzo eta naturaltasunez" azaleratzeko. "Edozein droga oso erraz aurkitu daiteke Euskal Herrian, eta hori kontuan hartuta jorratu nahi izan dugu gaia, galdera batzuk plazaratuz: drogen inguruan zer gertatu da Euskal Herrian? Zer ondorio izan ditu horrek? Gure herrian milaka hildako izan dira drogen ondorioz, eta mota guztietako drogak nahita sartu dituzte, gazteria oso bat itotzeko". Horren eraginez familiek izan duten motxila arintzeko eta gaiaren inguruko tabuak hausteko asmoz ondu dute obra, "moralismotik urrun" eta historiaren "irakurketa pedagogikoa" eginez.

Gaur egungo errealitatean dago girotuta istorioa, baina bati baino gehiagori 80ko hamarkadako heroinaren izurritea ekarriko dio gogora zaldi hitzak. Antzezlanean ere iragana ez dute ahaztuko: “Gaur egungo historia eta drogarekin dugun harremana ezin ditugu ulertu iraganean gertatu zena agerian utzi gabe. 70eko hamarkadaren amaieratik gaur egunera arte gurean zer gertatu den eta horrek zer ondorio izan dituen azalduko dugu, baita oraindik zer gertatzen ari den ere. Izan ere, oraindik orain Euskal Herria droga trafikoarentzat gune babestua dela dioten artikuluak argitaratu dituzte”.

Iazko urrian obra estreinatu zutenetik, 40 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte, eta drogaren fenomenoak Euskal Herrian izan duen dimentsioaren isla izan da jaso duten erantzuna ere. "Pertsona asko etorri zaizkigu beren familian edota auzoan zer gertatu den kontatzera, eta esan digute mesede egin diela obra ikusteak. Guretzat pozgarriena da ikusleek bereganatu egin dutela antzezlana eta obrak gertatu zenaz lasai hitz egiteko bidea ireki diela haiei".

Heldu zein gazteentzat

Bihar, 21:30ean hasiko da Zaldi urdina antzezlana Baztartxo antzokian, eta hara joateko sarrerak zortzi eurotan salduko dituzte leihatilan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik. Goizean, berriz, herriko ikasleentzat emanaldi itxia eskainiko dute. Hain zuzen ere, Azkoitia BHI eta Floreaga Ikastetxeko DBHko ikasleen aurrean aurkeztuko dute obra; egitasmoaren asmoa da antzerki zaletasuna sustatzea gaztetxoen artean. Gaia gogorra izanagatik, Fuchsen esanetan, adin guztientzako modukoa da obra, norberak barruan duen gazte horri mintzo baitzaio antzezlana: "Gazteei ere zintzo eta modu sinplean hitz egin behar zaie. Horiek ere badute zer esanik, eta lekua egin behar genieke mundu honetan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide