Gipuzkoako basozainek kontrolpean dute Azkarateko sutea

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 15a, 10:25
Azkarateko atzoko sutearen irudi bat. (Gipuzkoako basozainak)

Atzo, asteartea, 16:00etan piztu zen sutea Azkaraten, eta Urolako eta Arrateko suhiltzaileek 23:30 inguruan sua itzaltzea lortu bazuten ere, Gipuzkoako basozainak ingurua zaintzen ibili dira goizaldean.

Azkarateko pinudi batek su hartu zuen atzo, asteartea, 16:00 inguruan, eta Urolako (Azpeitia) eta Arrateko (Eibar) suhiltzaileek 23:30 inguruan lortu zuten sua itzaltzea. Azkarate mendatearen tunelaz bestalde piztu zen sua, Elgoibar, Mendaro eta Azkoitia arteko Urnobitza auzoko Ekaitz mendian, eta suhiltzaileek adierazi zutenez, Madariaga auzora ere heldu zen sua, 19:35 inguruan. Gipuzkoako basozainek MAXIXATZENi adierazitakoaren arabera, ezin da zehaztu oraindik zenbat hektarea kaltetu dituen suteak, baina 20tik gora erre direla nabarmendu dute.

Basozainek zaintza lanetan dihardute oraindik sutea izandako lekuan. Haiek adierazi dutenez, "kontrolpean" dute egoera, baina gune horretan jarraituko dute egunean zehar, sugarrak zabaldu ez daitezen.

 

Erlazionatuak

Sua piztu da Azkaraten

Maxixatzen.eus 2020 urt 14 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide