Teknologiaren inguruko ikastaroak antolatu ditu Gazteria Sailak datozen hilabeteetarako

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 14a, 11:51
Elkarguneko teknologia ikastaroetako irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Otsailean zehar robotikaren inguruko ikastaroak eskainiko ditu Udaleko Gazteria Sailak; martxoan, bideojokoen programazioa landuko dute; eta apirilean eta maiatzean, 3D inpresioa eta elektronika. 16 urtetik gorako gaztetxoek parte hartu ahal izango dute ikastaroetan eta izen-ematea zabalik dago jada.

Udaleko Gazteria Sailak teknologiaren inguruko zenbait ikastaro antolatu ditu datozen hilabeteetarako 16 urtetik gorako gaztetxoentzat; hala nola robotika, 3D inprimatzea eta bideojokoen programazioa landuko dituzte saioetan, eta irekita dago horietan izena emateko epea.

Orain arte, LH3 eta DBH4 maila arteko neska-mutilek antzerako eskaintza zuten eskuragarri, eta adin tartea zabaltzea erabaki du Gazteria Sailak, 16 urtetik gorako gaztetxoek ere teknologian murgiltzeko aukera izan dezaten. Saio horien helburua aisialdiko ekintzak mundu teknologikora eta digitalera egokitzea da, modu horretara, haurrak eta gazteak beren ikaskuntza prozesuko protagonista izan daitezen eta diziplina berrietarako konpetentziak gara ditzaten.

Zapatu goizetan emango dituzte ikastaroak, Elkargunean, eta hiru orduko iraupena izango dute. Otsailean maila ezberdinetako robotikaren inguruko ikastaroa emango dute; martxoan, aldiz, bideojokoen programazioa landuko dute; eta apirilean eta maiatzean, 3D inprimatzea eta elektronika, besteak beste.

Izen-ematea, zabalik

Ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du dagoeneko Gazteria Sailak. Otsaileko saioetan parte hartzeko interesa duten herritarrek urtarrilaren 30a, osteguna, baino lehen eman beharko dute izena, Elkargunean bertan. Gainontzeko hilabeteetako saioetan inskribatzeko epeak, berriz, zabalik jarraituko du. Ikastaroak egin ahal izateko, gutxienez, sei laguneko taldea osatu beharko da, eta ikastaroaren zati bat Udalak finantzatuko du.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide