Udane Juaristi, artista

"Horma hartan zeuden geruzak bere horretan uztea izan zen zailena"

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 14a, 09:39

Udane Juaristik (Azkoitia, 1985) iazko irailean Oviedon margotu zuen horma irudia munduko ehun onenen zerrendan sartu du kaleko artean espezializatuta dagoen 'Street Art 360' atariak.

Street Art 360 webguneak munduko ehun onenen artean aukeratu du iaz Oviedon (Espainia) egin zenuen horma irudia. Nola jaso duzu berria?

Ez nuen inondik inora espero, eta albistearen berri izan nuenean, asko poztu nintzen. Polita izan zen.

Nolakoa da irudia?

Oviedon antolatu zuten Parees Fest jaialdian egin nuen. Bost artista joan ginen hara, eta antolatzaileek margotzeko horma bat utzi ziguten bakoitzari. Niri egokitu zitzaidana taberna baten fatxada zen, eta beraz, haren historiarekin eta inguruarekin lotu nuen horma irudia.

Eszena urbanoa da Rosales kalean egin nuen irudi hura. Tabernaren ardura duen familiak aspaldiko argazkiak zituen, eta irudi horietako bat hartu nuen lanaren abiapuntutzat. Beraz, horma irudiaren atzealdean kale zahar bat azaltzen da, eta tabernaren aurrean hainbat pertsona daude, zuri-beltzean margotuta; lehenengo planoan, berriz, argazki kameradun gaur egungo neska bat agertzen da, pasieran egongo balitz bezala. Zuri-beltzaren eta koloreen arteko kontrastea egin nuen lan hartan, iraganaren eta gaur egungoaren zubia irudikatu nahian.

Zer teknika erabili zenuen?

Pintura plastikoa erabili nuen, akrilikoa. Horma irudiak egiterakoan garrantzitsua da kalitatezko pintura erabiltzea, lanak gehiago iraun dezan. Izan ere, kalitate txarreko pintura erabiliz gero, batez ere eguzkiak zimeldu egiten ditu koloreak.

Bestalde, urteen poderioz sortutako testura politak zituen fatxada hark, eta horiek mantentzen saiatu nintzen; hori izan zen zailena. Izan ere, errazena da den-dena margotzea, baina horma hartan zeuden geruzak bere horretan uztea izan zen zailena, eta aldi berean, politena ere bai.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide