Mende erdiko irakaskuntza

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 21a, 15:31
Irakasleak, gurasoak eta ikasleak, Xabier Munibe Ikastolaren atarian.

Azkoitiko Ikastola izenpean sortu zuten duela 50 urte gaur egungo Xabier Munibe Ikastola. Frankismoaren azken urteetan, Azkoitira ere iritsi zen ikastolak martxan jartzearen oihartzuna. Inguruko herrietan bezala, euskara eta euskal kultura sustatzea zuten helburu ikastola ireki zuten lagunek, baina sorrera ez zen erraza izan haientzat. Oztopoak oztopo, 1970eko urtarrilaren 7an lortu zuten horrenbeste desiratutako ikastolari bizia ematea.

50 urte bete berri ditu Xabier Munibe ikastolak. Egun, ikastetxeetan eskolak euskara hutsean ematea erabat normalizatuta badago ere, 70eko hamarkadan, Frankismoa oraindik bizirik zenean, ikastola zabaltzea ametsa zen askorentzat. Zailtasunei aurre eginez eta hainbat borrokaren ostean, lortu zuten Azkoitiko Ikastola zabaltzea, eta sorreraren lekuko izan ziren irakasleek, gurasoek eta ikasleek gogoan dituzte garai hartako bizipenak.

Azkoitiko Ikastola martxan jartzeko hamaika ate jo behar izan zituzten ikastolaren sustatzaileek. Ate asko itxita aurkitu zituzten; beste batzuk, irekita; baina horietan ez zuten ate nagusia irekitzeko giltzarik aurkitu. Talde bat aritu zen ikastolaren sorrera sustatzen, eta traba eta arazo handiak aurkitu zituzten bidean. Talde eragile hartako motorra izan zen Raimundo Alberdi Uria. 1965. urterako, ikastolen mugimendua indartzen hasia zen inguruko herrietan, baita Azkoitian ere. Euskara babestu nahi zuen mugimendu hark ikastolaren sorrerarekin. "Azpeitian ikastola bazegoen, Zestoan ere bai. Azkoitian ere nahi zen, eta guk ere egin nahi genuela pentsatu genuen. Herritar askok bazekien inguruko beste herrietan aurrera zihoala proiektua, eta hemen ere bazen kezka bat, baita gurasoen aldetik ere", adierazi du ikastolaren aurrenetako andereñoa izan zen Izaskun Alberdik (Azkoitia, 1950). Haren hitzetan, Raimundok "papel kontuak" eginda zituen ordurako, baina lehenengo saiakera hark huts egin zuen. Izan ere, askok uste zuen ikastolen mugimenduak etorkizunean indarra galduko zuela; aurrera egiteari utzioko ziola, alegia. Dena den, uste horiek atzean utzi eta 1966. urtean hasi ziren bilerak egiten. Klandestinitate kutsuan egindako batzarrak izan ziren haiek, eta Elizaren babesa funtsezkoa izan zuen Raimundo Alberdiren taldeak ikastolaren sorreran aurrera egin zezan.

Jose Maria Galarraga garai hartako Azkoitiko erretorearengana jo zuen taldeak lehendabizi: 1967-68 ikasturtean ikastola martxan izan nahi zuten azkoitiarrek, baina ez zuten lortu. Galarraga apaizak herrian arazo bat bazela eta ikastolaren beharra bazegoela onartu zuen, baina hasieran, behintzat, Elizak ez zion babesik eman taldeari; ikastolaren gaiak elizkoien artean zatiketa sor zezakeela arrazoitu zuen erretoreak hastapenetan. Herrian, ordea, gero eta handiagoa zen ikastolaren aldeko aldarria, eta talde eragileak lehen aldiz Udalari eskaera egitea erabaki zuen. Eduardo Olano zen garai hartan Azkoitiko alkatea, eta taldearen eta alkatearen arteko elkarrizketa bide onetik joan bazen ere, alkateak "politikarekin" lotu zuen ikastolaren proiektua. Haren esanetan, ikastolan hasi behar zuten haurrek izena eman behar zuten bailarako Mugimendu Nazionalean; neurri horrekin, ikastola frankismoaren eskuetan utzi nahi izan zuen Udalak. Ordutik aurrera, berriz ere klandestinitatean aritu behar izan zuten sustatzaileek. 1969. urtearen amaieran, alabaina, Oltra Molto Gipuzkoako gobernadore zibila Murtziara (Espainia) lekualdatu zuten, eta horrek egoera irauli zuen. Izan ere, orduan jaso zuten Elizaren babesa sustatzaileek, eta modu horretara, Azkoitiko Ikastola jaio zen.

1970ean sorrera, Kantzelean

Kantzelean gazte talde bat biltzen zen euskal dantzak ikasteko eta euskaraz alfabetatzeko, eta hango arduradunak ziren Mari Karmen Zubiaurre, Izaskun Alberdi, Maria Jesus Zubizarreta eta Gema Larrañaga. Haiek Azkoititik Donostiara joan-etorrian ibili ziren 1969. urtean ikastaro bat egiteko. Donostiatik trenez zihoazen egun batean, Raimundo Alberdi izan zuten bidelagun. "Donostiatik bueltan gentozela entzun egin gintuen Raimundok; nondik gentozen jakin zuen", oroitzen du Zubiaurrek (Azkoitia, 1947). Haurtzaintza titulazioa zuten lau emakumeek, ikastaroa baliagarria zitzaien ikastola martxan jartzeko. Alberdik treneko bidaian entzundako elkarrizketa ikastola sortzeko beste urratsa izan zen: Zubiaurreren etxera jo zuen Alberdik. Hari azalpenak eman zizkion, eta andereñoak segituan onartu zuen eskaintza. Hura izan zen ikastolan eskolak ematen hasi zen lehen andereñoa. Ikastola, ordea, pertsona baten titulaziorekin lotu beharra zegoen nahitaez, eta Genara Romarate izan zen ikastolari titulazioa eman ziona. "Guk dakigula, ez zuen inoiz irakasle lanik egin, baina haren tituluarekin zabaldu zen ikastola; bestela ezinezkoa zatekeen irekitzea", dio Alberdik.

Izaskun Alberdi, Raimundo Alberdi eta Mari Karmen Zubiaurre.

Lortu beharreko titulazioak lortuta, 1970eko urtarrilaren 7an, Errege egunaren biharamunean, hasi zen Zubiaurre parrokiako Kantzelean eskolak euskara hutsean ematen. 09:30ean, Zubiaurre eta lau ikasle elkartu ziren. Ondo gogoan du andereñoak 36 metro koadroko gela hura: "Kantzela oso iluna zen, gela oso tristea genuen", adierazi du. Gela argitzeko asmoz, hormetan marrazkiak jarri zituztela azaldu du lehen andereñoa izan zenak. Arratsaldeko eskola orduan, berriz, hiru ikasle gehiago elkartu ziren; zazpi, guztira. "Azkoitia herri txikia da eta ez dago sekretu handirik. Herrian segituan zabaldu zen Kantzelean eskolak ematen hasi ginela". Herriko esamesek berehala izan zuten eragina ikastolaren egoeran; hilaren amaierarako, 40 bat ikasle ziren Azkoitiko Ikastolan, eta martxoan, 54 ikasle edukitzera iritsi zen. "Horrek erakusten du herrian ikastola edukitzeko nahia bazegoela. Segituan animatu zen jendea ikastolara", esan du Izaskun Alberdik. Hain zuzen ere, hil horretan batu zen ikastolara andereñoa. Hura izan zen bigarren irakaslea.

Plastilina eta txotxak erabiltzen zituzten bi andereñoek haurrei irakasteko, eta marrazkien eta irakurketa saioen bidez ere jarduten zuten lanean. Egiten zituzten ekintzekin ere oroitzen dira andereñoak. "Elizkoiak ginen, eta elizara sartuta, Josutxo abestia kantatzen genuen borobilean jarrita", dio Alberdik. Astelehenetan, berriz, asteburuan egindako kontuak izaten zituzten hizpide. "Ikasle batzuek sekulako irudimena zuten, eta guztia kontatzen ziguten". Adierazi dutenez, ikastolaren ataria elizaren atzealdean zegoen, eta han jolas kooperatiboak egiten zituzten: "Ez genuen jolaserako aukera handirik, eta soka dantzan eta baloiarekin aritzen ginen. Era hartara, ikasle haiek gaur egungoek baino gehiago gozatzen zutela esango nuke; sormen gehiago zuten”, azaldu du Alberdik. Bazen, ordea, gurasoei kezka eragiten zien zerbait: "Batzuek zioten gure umeek beranduago ikasten zutela beste ikastetxe batzuetako ikasleekin alderatuta".

Azkoitiko Ikastolako ikasle kopuruak goraka jarraitzen zuela eta, Kantzela txiki geratu zitzaien ikastolako kideei, eta Artxamendira lekualdatzea erabaki zuten. Elizarena zen eraikin hura, eta erakunde harekin adostasunera iritsita, 1970-71 ikasturterako egokitu zuten Artxamendi, egun ertzain etxea dagoen tokian: "Eraikin zahar batekin egin genuen topo, eta herriko hainbat enpresatan materiala jaso eta gelak txukundu genituen", azaldu du Zubiaurrek. Gela haiek utzi dute arrastorik andereñoen oroimenean: "Saguak ere izaten genituen; Izaskun beldurtu egiten zen haiekin, eta nik harrapatu eta komunean behera botatzen nituen", azaldu du Zubiaurrek barrez. Alberdirentzat, berriz, "beste mundu bat" zen Artxamendi: "Oso maitea nuen". Zubiaurrek, aldiz, honela deskribatu du: "Txikia, polita eta atari ederrekoa zen".

Hainbat haur jolasean, Artxamendiko ikastolaren atarian.

Hastapeneko oroitzapen ederrak ez ezik, ikastolaren sortze prozesua ere gogoan dute bi andereñoek: "Erabat sinesten genuen proiektuan. Denborak aurrera egin ahala, gainera, gero eta gogo handiagoarekin aritzen ginen". Ikastolak legearen barruan lan egin zezan, andereñoek beharrezkoa zuten Magisteritza titulua edukitzea, eta Alberdik eta Zubizarretak irakasle lanekin uztartu zituzten ikasketa horiek. "Ikastolatik 17:00etan irteten ginen, eta Elosuatik Bergarara joan behar izaten genuen astean bitan, titulua ateratzera".

Andereñoek barruan ondo gordeta zituzten ikastola sortu aurretik izandako arazo guztiak, baina buruhauste berriak sortu ziren hura martxan jarrita ere. Ekonomia kontuak izan ohi ziren batzordearen egiteko nagusienetakoak, eta horiei aurre egiten asmatu behar izan zuten. "Garai hartarako asko izango zen, baina gurasoek ez zuten diru kopuru handia ordaintzen seme-alabak ikastolara eramateagatik", azaldu du Zubiaurrek. Hori dela eta, aurrera egiteko beste bide batzuk jorratu zituzten: "Gurasoei hileko kuotaz gain, borondatezko eskupekoak eskatzen zitzaizkien, eta enpresei ekarpenak", erantsi du. "Diru arazoak izaten genituen urtero. Sosik ez zegoela eta, zenbait hilabetetan ez genuen kobratzen".

Dirua lortzeko eta proiektua bideragarri bilakatzeko, beraz, ikastolako kideak antolatu eta askotariko ekintzak prestatu zituzten: "Ahal genuen leku guztietatik saiatzen ginen dirua lortzen. Ez dago imajinatzerik zer egiten genuen". Besteak beste, futbol eta pilota partidak eta idi demak antolatu zituzten. "Goiko taberna eta Zabale anaien lokala kudeatzen ere utzi ziguten ikastolak dirua lor zezan; tabernari bihurtzen ginen andereñoak eta gurasoak", azaldu du Zubiaurrek. Halako ekintzekin "diru asko" lortzen zuten: "Herritarrek erantzun egiten zuten. Pertsona bakarra genuen aurka, Franco diktadorea, eta haren aurka elkartu ginen guztiok. Indar bikoitzarekin egiten genuen lana", adierazi du.

Hain zuzen ere, Frankismoaren itzala iritsi zen ikastolara ere. Garai hartan, Guardia Zibilaren koartela zegoen Guardia kalean, eta horiengandik "zeharo behatuta eta zainduta" sentitzen ziren irakasleak: "Euskaraz alfabetatzeko materiala gordetzen genuen ikastolan, ikasleak alfabetatzeko eskolak ematen genituelako han. Behin, gu falta ginela, Guardia Zibila ikastola barrura sartu zen, han zer zegoen behatzeko. Inguruko ikastoletan miaketak egin zituztela jakiten bagenuen, umeak hartu eta Kukuherrira alde egiten genuen, gurera ere etorriko zirela pentsatuta. Beti zeuden gainean". Hala ere, adierazi dute euskararen aldeko mugimendu handia zegoela sortuta ordurako, eta beldurrik ez zutela nabarmendu dute: "Ziur geunden egiten ari ginenarekin".

Ikasleak, eskola orduan.

1974-1975 ikasturtea berezia izan zen Azkoitiko Ikastolan –bosgarren urtea zuen sortu zenetik–. Izan ere, Urola eskualdean ez ezik, Azkoitian ere gertaera aipagarriak jazo ziren. Honako modu honetan azaldu zituen urte haietako bizipenak Raimundo Alberdik Azkoitiko Ikastolaren Historia liburuan: "Hilabete askotan zehar egundoko iskanbilak, sestrak eta gaizki esanak izan ziren, ia elkar gorrotatzerainokoak". Ikasturte hartan bi eztabaida sortu ziren ikastolan: batetik, euskara batua erabili edo ez erabaki behar izan zuten; eta bestetik, irakaskuntzan hizki larria edo hizki txikia erabili behar zuten hautatu. Bi andereñoek ere ondo gogoan dituzte gertaera haiek: "Hasieran, hizki larria erabiltzen genuen eskoletan, baina gerora, erabaki beharra etorri zen. Irakasleok gure iritzia ematen genuen; gu txikiaren aldekoak ginen. Euskara batua bai edo ez izan zen beste eztabaida; hori egundokoa izan zen. Batuaren aldeko hautua egin zen, baina ez pentsa erraza izan zenik".

Gurasoak, hastapenetako motor

Aurreneko irakasleek ez ezik, gurasoek ere berebiziko rola jokatu zuten ikastolaren sorreran. Frankismoaren azken urteetan, euskara zein abertzaletasuna jazarrita zeuden artean eta ordura arteko herriko ikastetxeek gaztelaniaz eskaintzen zituzten eskolak. Baina pixkanaka, ikastola bat sortzearen ideia mamitzen hasi zen Azkoitian ere. "Herrian zabaldu zen ikastola berria martxan jarri behar zutela. Ahoz aho zabaltzen ziren halakoak orduan, eta batak besteari esanda jakin genuen guk ere ikastola sortzekotan zirela", adierazi du sorrerako gurasoetako bat izan zen Luis Larrañaga Axirik (Azkoitia, 1935). Ordura arteko egoera aldatzeko "gogoa" zuten gurasoek, eta ondoko hainbat herritan hasitako ereduari eta dinamikari jarraituz, Azkoitian ere bide berri bat urratu nahi zuten horiek: "Herrian euskaraz irakatsiko zuten ikastola bat zabaltzeko gogoa genuen. Frankismotik gentozen, eta atzean utzi nahi genuen garai hura", gaineratu du Jexux Larrañaga Txantonek, ikastolaren sorrerara batu zen beste gurasoetako batek.

Lehen guraso izan ziren haientzat lausoak dira orduko oroitzapen gehienak, baina gogoan dute aurreneko urteak ez zirela errazak izan. Batetik, euskararen aldeko giroa baino, "bestaldekoa" handiagoa zen herrian, eta zentzu horretan, "beldurra" zen nagusi. "Batzuek erabat gaitzesten zuten ikastola, eta entzun ere, asko entzun genuen hori. Zenbaitek gaizki begiratzen gintuen seme-alabak ikastolara eramaten genituelako", esan du Antonia Unanuek, orduko beste gurasoetako batek (Zestoa, 1942). Axiri, Txanton eta Unanue ez ezik, Pakita Sueskun (Andoain, 1930) eta Itziar Arrieta Etxezuri ere (Azkoitia, 1941) badira ikastolaren sorreran parte hartu zuten gurasoetako batzuk, eta horiek guztiek onartu dute ikastolara atxikitzerakoan hainbat kezka izan zutela. Errezeloen gainetik, "nola edo hala" elkartu ziren orduko abertzale haiek, seme-alabak euskaraz ikas zezaten eta euskara indartu zedin: "Atzerakada pixka bat ematen zigun ikastolara sartzeak, baina gu gurera joan ginen. Itsutu egin ginen proiektuarekin, eta sentitu genuen aurrera jarraitu behar genuela", gogoratu du Unanuek.

Seme-alabak ikastolara eramateagatik kuota bat ordaintzen zuten gurasoek. Etxe askotan "diru askorik ez", baina ikastolan defizita baldin bazegoen, hura ere pagatu egin behar izaten zutela gogoratzen dute gurasoek. Herrian zenbaitek guraso haiek begitan bazituen ere, beste herritar batzuek sinesten zuten proiektuan, eta bidean, hainbat laguntzaile topatu zuten. "Seme-alabarik eduki ez arren, laguntzaile haiek ikastolaren alde diru ekarpena egiten zuten". Dena den, gurasoen ustez bada ikastolaren sorreran "txapela kentzeko lana" egin zuen pertsona bat: Anastasio apaiza. "Hura izan zen ikastolaren bultzatzaileetako bat, eta, esaterako, haren bitartez joan ginen Artxamendira. Euskara besterik ez zuen buruan, eta gerora ere lotura handia izan zuen ikastolarekin", esan du Arrietak.

Oztopoak oztopo, gurasoak buru-belarri sartu ziren ikastolaren proiektuan. Halakoetan ohikoa izaten den moduan, finantzazio iturriak bilatzea izan zen orduko burukominetako bat. Ikastolak diru sarrerak eta etorkizuna bermatuta izan zitzan, gurasoak ere erabat inplikatu ziren proiektuan, eta askotariko lanak egin zituzten ikastola aurrera ateratzeko. "Maiz laguntzera joaten ginen gurasook, eta egiten genekien horretan jartzen genuen gure alea". Azpimarratu dutenez, auzolana zuten guztiaren oinarri, eta modu horretan egiten zituzten, esaterako, ikastolaren garbiketa eta mantenu lanak. "Ahal genuen guztian laguntzen genuen. Zer ez genuen egiten gurasook orduan...", esan du zestoarrak. "Taberna ere jartzen genuen dirua ateratzeko. Han saltzeko zenbat patata tortilla egindakoa ote naiz…", erantzun du Arrietak. Artean guraso elkarterik ez, baina modu antolatuan egiten zituzten zeregin horiek guztiak: "Ondo antolatu ginen, eta andereñoek ere asko lagundu ziguten. Beti pausoa aurrera ematen genuen, eta ‘gero gerokoak’, pentsatzen genuen", dio Txantonek.

Euskararen aldeko txertoa

Azkoitiko Ikastola aitzindaria izan zen herrian, eta andereño zein guraso haiek izan zuten ausardiaren lekuko izan izan ziren aurreneko ikasleak; horiek, beraien azalean bizi izan zuten ikastola aitzindariaren aurreneko probaldia. Hain zuzen ere, ikastolako lehen lau ikasle ohi dira Eduardo Sudupe (Azkoitia, 1965), Jexux Larrañaga (Azkoitia, 1966), Pello Larrañaga (Azkoitia, 1965) eta Lourdes Sudupe (Azkoitia, 1965). Laurek 3-4 urte zituzten ikastolaren aurreneko egoitza hartara joaten hasi zirenean, eta artean txikiak izanagatik, badituzte urruneko oroitzapen batzuk, baita anekdota ugari ere. "Irudipena daukat gela ilun samarra zela eta banku estu batzuk zituela. Ondo gogoan dut, era berean, Mari Karmen andereñoa mantala lotzen ari zitzaidan batean, sagu bat pasatu zela gure aurretik". Ohikoa den moduan, lau ikasle ohiek abestiekin, jaialdiekin eta jolasekin lotzen dituzte umetan ikastolan bizitakoak, eta gehienek oroitzapen positiboak badituzte ere, bazen hara gogoz kontra joaten zenik ere: "Egunero, negar eta negar egiten nuen ikastolara joan behar nuelako. Malkoz beteta iristen nintzen hara, hura zen hura handik alde egiteko gogoa", gogoratzen du, barrez, Jexuxek.

Ikasleak, Artxamendiko ikastolaren atarian.

Artxamendi atarian 1973. urtean egindako jaialdia. 

Talde txikia handitzen ari zela eta, hurrengo ikasturtea Azkoitiko Elizbarrutiaren esku zegoen Artxamendiko etxean hasi zuten 131 umek eta bost andereñok. Hain zuzen ere, orduko ume kopuruaren eraginez, adinaren arabera bereizi zituzten ikasleak. Gelak adinka banatu bai, baina sexuen araberako bereizketarik ez zuten egin, eta orduko herriko ikastetxe gehienetan ez bezala, hasieratik eskolak mistoak ziren Azkoitiko Ikastolan: "Hori bateren baten edo batzuen irizpidez erabakiko zuten. Gelak mistoak izatea ez zen kasualitatea, eta garrantzitsua ere izango zen garai hartarako; izan ere, erabaki hura hartu zuenak genero ikuspuntua kontuan hartuta egingo zuen", dio Eduardok.

Lau lagunen arabera, bazeuden ikastola "berezia eta aurrerakoia" egiten zuten hainbat kontu, eta euskal kulturarekiko zuen sentsibilitatea zen horien artean nabarmenena. Izan ere, ikastolaren funtzionamenduan zein han eskaintzen ziren eskoletan euskal kulturak eta haren tratamenduak "presentzia nabarmena" zuela gogoratzen dute ikasle ohi guztiek. "Andereñoek konpromiso itzela zuten euskal kulturarekiko. Hein batean, hori sustatzeko sortu zen ikastola, eta lortu zutela esan dezakegu. Izan ere, ikasleentzat euskal kulturaren aldeko txertoa izan zen ikastola. Gogoratzen naiz behin Zugarramurdira [Nafarroa] egin genuela txangoa. Garai hartan, inori ez zitzaion bururatzen eskolatik hara joatea", azpimarratu du Pellok. "Ez dut uste beste ikastetxeetan halako giroa izango zenik", gaineratu du Lourdesek. "Ondo gogoan dut, esaterako, Franco hil zen eguna; oso berezia izan zen ikastolan, ospatu egin genuen, festa girorik izan ez bagenuen ere. Euskal kulturaren aldeko txertoagatik izan ez balitz, beharbada oharkabean igaroko genukeen egun hura".

Artxamendiko ikastola 1989-90 ikasturtean utzi zuen Azkoitiko Ikastolak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide