Bi talde nagusien garaipenekin hasi du urte berria Anaitasuna futbol taldeak

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 8a, 10:54
Markel Eskurtza gizonezkoen taldeko kapitaina. (Argazkiak: Anaitasuna)

Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek etxean jokatu zituzten beraien neurketak, eta biak irabazi zituzten.

Anaitasunak modurik onenean hasi du 2020. urtea. Gizonezkoen taldeak bi eta bat menderatu zuen Real Union talde irundarra zapatuan, Txerloian; emakumezkoen taldeak, bestalde, bi eta huts irabazi zion Hernani taldeari igandean, San Juan zelaian. 

Gizonezkoen taldeak gogotik egin behar izan zuen lan garaipena lortzeko. Real Union talde irundarra jaso zuen Xabier Artetxeren taldeak Txerloian, eta gauzak zail jarri zizkion Anaitasunari. 11. minuturako aurrea hartu zuen Anaitasunak Mikel Aramendiren golari esker. Halere, Real Unionek atsedenaldira iritsi baino lehen egin zuen banakoaren gola. Garaipena lortzeko 90. minutua pasatu arte itxaron behar izan zuten gorrixek. Area barruko jokaldi korapilatsu batean baloiak goleko lerroa zeharkatu zuela erabaki zuten epaileek. Haserrea talde bisitarian eta poza etxeko taldean eta harmailan. Sailkapeneko igarren postuan jarraitzen du mutilen taldeak, Eibar liderra baino hiru puntu gutxiagorekin. Datorren igandean Hernani arerio zuzenaren aurka jokatuko Hernaniko Zubipe zelaian, 16:30etik aurrera.

Emakumezkoen taldeak, berriz, igandean jokatu zuen San Juan zelaian Hernani taldearen aurka. Lehen zatia hutsean amaitu zuten, baina bigarrenean Oihane Ucinek segituan egin zuen Anaitasunaren aldeko gola. Neurketa amaitzeko minutu gutxi falta zirela, berriz ere Oihane Ucinek, gorrixen aldeko bigarren gola egin zuen. 21 punturekin, sailkapeneko bederatzigarren postuan da Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldea. Datorren zapatuan bigarren itzulia hasiko dute Txerloian, Zarautz taldearen aurka. 16:30ean hasiko da zarauztarren aurkako neurketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide