Milioitik gora bisita izan ditu Maxixatzen.eus-ek 2019an

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 3a, 13:44

2018ko datuekin alderatuta, %52,07 igo da bisiten kopurua: 747.596 bisita izan zituen Maxixatzen.eus-ek 2018an, eta 1.136.834 bisita 2019an. Bisitariek, guztira, ia hiru milioi orri zabaldu dituzte urte osoan zehar Maxixatzen.eus-en. Aurten ere, bisita gehienak eskuko telefonoetatik etorri dira, bisiten %60,17.

Maxixatzen.eus-ek erreferente bilakatzen segitzen du, eta horren erakusle da 2019an webgune honek izan duen bisita kopurua. Izan ere, marka guztiak hautsi ditu: 1.136.834 bisita izan ditu, orain arteko gehiena.

Google Analytics emandako datuak izugarriak izan dira Maxixatzenentzat; inoizko onenak, inondik ere. 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra milioitik gora bisita izateaz gain, herritarrek 2.847.132 orri zabaldu dituzte urtebetean. 2018ko datuekin alderatuta, bisitarien kopurua %52,07 hazi da Maxixatzenen, eta zabaldutako orrien kopurua, berriz, %67,08.

Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du 2019. urtean: iaz, egunero 3.114 bisita izan zituen Maxixatzen.eus-ek, eta bisita horietan, batez beste 2 minutu eta 15 segundo igaro dituzte erabiltzaileek. 2018an, berriz, bi mila bisitari pasatxo izan zituen Maxixatzen.eus-ek egunero, eta bisita horietan, batez beste, bi minutu eta 11 segundo igaro zituzten erabiltzaileek. Bestalde, egunero 7.800 orri zabaldu dituzte herritarrek Maxixatzenen batez beste –2018an, berriz, 4.669 orri–. Horrenbestez, zabaldutako orri kopurua asko hazi da 2018tik 2019ra.

Hainbat datu

Azken urteetan nabarmen egin du gora edukiak eskuko telefonotik irakurtzen dituzten erabiltzaileen kopuruak. 2018an, adibidez, bisiten %60,17 izan ziren eskuko telefonoetatik egindako bisitak, eta 2019an gora egin du joera horrek: %64,23 izan dira mugikorretatik iritsikoak. Ordenagailuetatik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %29,64 eta %6,12 izan dira hurrenez hurren.

Sare sozialetan egindako argitalpenetatik Maxixatzen.eus-era bideratutako erabiltzaileen bisita kopurua %25ekoa izan da 2019an. Aldiz, 2018an %32,34koa izan zen sare sozialetatik Maxixatzen.eus-era bideratutako bisita kopurua. Sare sozialetatik webgunera iristen den kopuru handiena Facebooketik heldu zen iaz ere, %84,18. Twitterretik iritsitakoen kopurua %14,83 izan zen eta %0,45 Instagrametik sartutakoena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide