Txikia IV.ak bigarren egin du Urrezko Aizkolarien Kopako finalean

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 2a, 09:20

Azkoitiarrak ezin izan zion Mikel Larrañagari aurrea hartu, eta azpeitiarrak jantzi zuen hirugarrenez txapela. Lehia estua izan batez ere Alberdiren eta Otañoren artean, eta azkenean, 37 minututan eta 53 segundotan amaitu zuen proba Alberdik.

Urrezko Aizkolarien Kopako finala jokatu zuten asteartean, hilaren 31n, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak Asteasun (Gipuzkoa). Lehia estua espero zen finalerako, eta hala izan zen, batez ere Alberdiren eta Otañoren artean. Larrañaga sailkapenaren buruan izan zen hasieratik, eta hark jantzi zuen txapela hirugarren urtez; Txikia IV.ak, berriz, bigarren postuan amaitu zuen proba.

Aizkolariek hamasei kanaerdiko moztu behar izan zituzten Urrezko Aizkolarien Kopako finalean, eta Alberdik 34 minutu eta erdi behar izan zituen lanak amaitzeko; probak aurrera egin ahala, handiagoa zen Larrañagak beste aizkolariei ateratzen zien aldea, eta txapela berretsi zuen azpeitiarrak. Alberdik, berriz, Larrañagak baino hiru minutu gehiago behar izan zituen hamasei kanaerdiko ebakitzeko; hark 37 minututan eta 53 segundotan amaitu zuen proba. Final osoan zehar bigarren postuan aritu zen azkoitiarra, baina aizkolariak oso gertu izan zuen Otaño; beizamarrak 38 minututan eta segundo batean bukatu zuen proba. 

Urrezko Aizkolarien Kopako finalaren ondoren, Gabonetako Harrijasotze Txapelketa eta Gabonetako Emakumezkoen Ingude Txapelketa jokatu zituzten Asteasun, eta proba horietan Mikel Lopetegi Urrak eta Virjinia Finolek jantzi zituzten txapelak, hurrenez hurren. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide