Idiakez Ederran babestutako etxebizitza erosi nahi dutenen profila ezagutzeko inkesta egingo du Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 30a, 12:43

Babestutako hamasei etxebizitza eraikiko ditu Visesa sozietate publikoak Idiakez Ederra etxean, eta bertan etxebizitza erosi nahi dutenen profila ezagutzeko inkesta egingo du Azkoitiko Udalak. Udalaren webgunean jarri dute inkesta.

Idiakez Ederra etxean babestutako hamasei etxebizitza eraikiko dituzte, eta bertan etxea erosi nahi duten herritarren profila ezagutzeko inkesta bat jarri du martxan Azkoitiko Udalak. Idiakez Ederran etxebizitza erosi nahi dutenei Udalaren webgunean dagoen inkesta betetzeko eskatu die Udalak, etxebizitzak eraikiko dituen Visesa sozietate publikoak eskatuta. Inkesta betetzeko epea urtarrilaren 2tik 17ra bitartekoa izango da, eta Udalaren webgunean bertan etxebizitzen inguruko informazio gehiago ere irakurri ahal izango da.

Inkesta anonimoa izango da, eta etxebizitzaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Azkoitia Lantzenera jo dezake argibide eske. Horretarako, udaletxera joan edo 943-85 71 51 nahiz 943-08 00 80 telefonoetara deitu beharko dute interesatuek.

Etxebiden izena emanda daudenek edota babestutako etxebizitza publikoa eskatzeko bete beharreko baldintzak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute etxebizitza Idiakez Ederran. Horrez gain, etxebizitza irisgarririk ez duten 70 urtetik gorako pertsonek ere egin ahal izango dute etxebizitzaren eskabidea.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide