Urriza eta Larrañaga irabazle, Erremonteko Binakako Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 29a, 10:40

Iban Larrañaga azkoitiarrak Urrizarekin batera osatutako bikotea garaile izan zen atzo, hilak 28, Erremonteko Binakako Txapelketan. 40-37 gailendu zitzaion bikotea Matxin III.ari eta Barrenetxea IV.ari. Txapelarekin "oso gustura" dagoela azaldu du Larrañagak.

Partidan zehar hainbat tanto atzetik egon arren, Urrizak eta Larrañagak partidari buelta ematea lortu zuten, eta 40-37 irabazi zieten Matxin III.ari eta Barrenetxea IV.ari Erremonteko Binakako Txapelketa. Atzo, hilak 28, jokatu zen txapelketaren finala Galarreta pilotalekuan (Hernani, Gipuzkoa) eta lehian zehar hainbat tentsio une bizi izan zuten erremontistek, markagailuak pare-parean ibili baitziren. Hain zuzen ere, Matxin III.a eta Barrenetxea IV.a 30 tanto egitera iritsi ziren, eta ordura arte partidan aurretik ibili ziren. Horren ostean, ordea, Urrizak eta Larrañagak markagailua irauli zuten.

Iban Larrañaga azkoitiarraren lehenengo txapela da honakoa, eta "oso gustura" agertu zen finala amaitu ostean egindako adierazpenetan: "Final honetara iristea asko kostatu zaigu. Behetik gora joan gara, eta finalean Barrenetxea IV. oso indartsu hasi da eta asko kostatu zaigu aurrea hartzea. 30. tantoaren bueltan Urriza on bat agertu da, eta hor egon da gakoa. Pena da azken tantoan Matxin III.ari pilotakada jotzea, izugarrizko pena eman dit. Hala ere, txapela irabaztea lortu dugu eta oso gustura nago", azaldu zuen Larrañagak.

(Argazkiak: Oriamendi)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide