Hainbat lagunek presoen eskubideak aldarrikatu dituzte urteko azken ostiralean

Presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, plazan. Hainbat herritar elkartu zen bertan, eta salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu zuten, besteak beste.

Hileko azken ostiralero lez, zenbait herritarrek presoen eskubideak aldarrikatu zituzten atzo, ostirala, plazan. Bertan irakurri zuten testuan, orain gutxi preso baten senideak hura bisitatzera zihoazela izandako istripua izan zuten hizpide, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei salbuespenezko espetxe poltikarekin amaitzeko eta konponbidea eta bakea lortzeko urratsak emateko eskatu zieten.

"30 urtez senide eta lagunak bisitatu ahal izateko milaka kilometro egitera behartzen gaituzte. Oraindik ere, Espainiako espetxeetan dauden euskal preso politikoen %66a etxetik 1.100 eta 600 kilometro artean dago, %20a 590 eta 400 kilometro artean, eta presoen %14a bakarrik, 390 kilometro baino gutxiagoko distantzian dago", azaldu zuten testuaren irakurleek. Horrez gain, nabarmendu zuten soilik bi euskal preso daudela Euskal Herrian, eta biek gaixotasun larri bat pairatzen dutela. Guzti hori, besteak beste, "kondena luzeen emaitza" dela azpimarratu zuten.
 
Frantzian, berriz, presoen %78a etxetik 100 eta 390 kilometro artean dagoela azaldu zuten, eta
%22a 600 kilometro baino gehiagora. Ildo horretatik, Frantziako Gobernuak presoak hurbildu baditu ere, Frantziako estatuak "bidea egiteko" duela gaineratu zuten.  
 
Amaitzeko, testuaren irakurleek aipatu zuten duela oraindik 30 urteko "sufrimendu bera" dutela presoen senideek eta lagunek, eta salbuespenezeko espetxe politika "kondena" bat dela horientzat. Hala, espetxe politika horrekin amaitzea "premiazkoa" dela azaldu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide