Azkoitiko Udalak 15.110.000 euroko aurrekontua izango du 2020an

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 28a, 12:59
2020ko udal aurrekontuak onartu ditu Azoitiko Udalak.

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituzten atzo, ostirala, 2020ko udal aurrekontuak ezohiko udalbatzarrarean. 15.110.000 euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean, iaz baino 290.000 euro gutxiago. Hainbat sailetan igoerak izan dira 2019ko aurrekontuekin alderatuta; hala nola Ogasun, Gizarte ongizatea eta Kultura eta Gazteria sailetan.

Azkoitiko Udalak 2020ko udal aurrekontuak onartu zituen atzo, ostirala, egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Guztira, 15.110.000 euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean, iazkoa baino 290.000 euro gutxiago. Ana Azkoitia Udaleko Ogasun batzordeburuaren arabera, iaz Urola Erdiko mankomunitatearen gerakinagatik, eta Udalak Gipuzkoako Uraki bi erakundeen arteko hitzarmena medio zor zion diruagatik dago desberdintasuna 2019ko eta 2020ko aurrekontuen artean. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin onartu zituzten udal aurrekontuak atzokoan; EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zuen, eta kontra bozkatu.

Sailez sail, udal aurrekontuen diru partidarik handiena Ogasuna eta Pertsonala Sailera joango da, 5.963.852,79 – iaz baino 55.310 euro gehiago –, hain zuzen ere. Ana Azkoitiak adierazi zuenez, langileen soldatak %2 igoko dira 2020. urtean, eta horri dagokio igoera, besteak beste. Gizarte ongizatea, Berdintasuna eta Inmigrazioa Sailera ere,12.325 euro gehiago bideratuko ditu Udalak, hiru urterako gizarte langile berri bat eta lanaldi erdirako prebentzio eta berdintasun teknikari bat kontratatuko baitituzte 2020an. Hirigintza Sailean, iaz baino aurrekontu baxuagoa izango da, Floreaga auzoko igogailuen lehen bi faseak 2019an lizitatu zirelako. Sail horretan egingo diren inbertsioen artean, Plazaberriko proiektua eta Zalduntxoen kalean egingo den espaloi konponketa nabarmendu zituen Azkoitiak. Kultura eta Gazteria Sailean ere igoera izan da kreditu aldaketak medio eta Aizkibel liburutegian LED argiak jartzeko 30.000 euroko diru partida bideratu delako. 

Azkoitiaren hitzartzearen ostean, EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak hartu zuen hitza, eta osoko zuzenketa aurkeztu zuen haren taldeak. Guztira, sei neurri proposatu zizkion koalizio abertzaleak duela aste batzuk Udal Gobernuari; besteak beste, berdintasun teknikaria lanaldi osorako kontratatzea, UKT komunikazio taldeari dirulaguntza igotzea eta pentsiodunei dirulaguntza bat ematea. Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizen babesa izan zuen emendakinak, baina EAJ eta PSE-EE alderdiek kontrako botoa eman zuten; beraz, ez zen aurrera atera emendakina.

Udal aurrekontuen bozketa egin aurretik, Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek "positiboki" baloratu zuen Udal Gobernuak beren hainbat proposamen udal aurrekontuetan onartu izana; hala nola Floreaga auzoko igogailuen proiektua izan zuen hizpide Etxanizek, eta proiektuaren bigarren fasearen obrak "lehenbailehen" martxan jarri daitezen esperantza duela nabarmendu zuen hark. Etxanizek Azkoitia Baik proposatutako neurriak onartu izana eskertu zion Udal Gobernuari, eta "baiezkotik ezezkotik baino gertuago" daudela azaldu zuen arren, abstentziora jotzea erabaki zuen bozketan. Janire Igoa PSE-EEko eledunak ez zuen hitz egin udalbatzarrean bozketaren aurretik, baina prentsa ohar bidez helarazi zuen "Azkoitiak behar dituen" aurrekontuak direla 2020koak, eta baiezko botoa eman zuen bozketan. EH Bilduk, berriz, kontrako botoa eman zuen; besteak beste, berdintasun teknikaria lanaldi osora kontratatu ez izana, soldaten %2ko igoera eta Gipuzkoako EAJren "kudeaketa txarraren ondorioz" zaborretan %5 gehiago ordaindu beharra kritikatu zituen Iraitz Otañok bozeramaileak. Hitzartzeen ostean, bozketa egin zuten eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin onartuta gelditu ziren 2020ko udal aurrekontuak.

Bestalde, atzoko udalbatzarrean onartuta gelditu zen 17.051.551 euroko aurrekontu kontsolidatua nahiz Zubiaurre-Elkargunea Institutuko aurrekontua (744.600 euro), San Jose egoitzarena (68. 300 euro) eta Azkoitia Lantzen S.A-rena (1.870.051 euro).

Azkoitiko Udalaren 2020ko udal aurrekontua, sailez sail 

                                                                                    2019                  2020

Ogasuna eta pertsonala

5.908.542,19

5.963.852,79

Hirigintza

1.294.960,55

808.000

Kirolak eta festak

1.048.596,44

1.010.500

Kultura eta gazteria

1.097.100

1.122.300

Hezkuntza eta euskara

560.255

367.255

Gizarte ongizatea, berdintasuna, inmigrazioa

1.201.800

1.214.125

Alkatetza

42.000

113.000

Lan eta zerbitzuak

2.063.000

2.273.300

Udaltzaingoa

77.000

44.000

Ingurumena

1.756.250,15

1.817.898,91

Sustapen ekonomikoa

350.495,67

375.768,30

Udalbatzarrean onartutako proposamenak

2020ko udal aurrekontuez gain, beste hainbat gai ere eztabaidatu zuten atzoko udalbatzarrean, eta honako hauek izan ziren aurrera atera ziren proposamenak: 2020ko Azkoitiko Udalaren langileen plantilla eta lanpostuen zerrendak; 2020-2022 Azkotiko Udalaren dirulaguntzen Plan Estrategikoa; 2020ko aurrekontua exekutatzeko Udal Arauaren Kontuhartze mugatua ezartzea; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onartzea mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatea zaintzeko; 2020-2024 Azkoitiko Adkizioen Prebentzio Komunitarioko Udal Plana; eta 2020-2023 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide