Azkoitiko euskara kultur ondasun izendatu dute

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 28a, 09:30
Balda jauregia tubaldarren bizileku izan zen.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Azkoitiko euskara kultur ondasun izendatu du, eta UNESCOk Gizateriaren ondare kultural immaterial bihur dezan tramitazioa abiatu du.

Donostiako Haizearen Orraziarekin batera, Azkoitiko euskara kultur ondasun izendatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu dezan tramitazioa abiatu dute. Duela egun batzuk helarazi zuen berria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak; urtean bi kultur ondasun izendatzen ditu, materiala eta immateriala, eta Azkoitiko euskararen "balio historikoa" izan da izendapena egiteko arrazoia. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeko bi historialariren arabera tubaldarrek asmatu zuten euskara, eta leinu horrek Balda jauregia izan zuen bizileku urte luzez. Hori horrela, Azkoitiko euskararen "garrantzia historikoa, antropologikoa eta linguistikoa" azpimarratu ditu erakundeak izendapena egiterako orduan.

Juan Bautista Mendizabal historialariak "luzaroan esperotako" berria dela esan du. Mendizabalen arabera Esteban Garibaik, Felipe II. erregaren kronista ofizialak 1592. urtean argitaratutako Ilustraciones genealógicas de los linajes vascongados contenidos en las Grandezas de España liburuko testu batean dio euskara tubaldarrek sortu zutela K.a 2.000 urte baino lehenago. Horrez gain, Lope Isasti historialari gipuzkoarrak ere 1625. urtean argitaratutako testu batean Balda jauregia aipatzen du. Haren arabera, Uholde Handiaren ostean Noeren biloba izandako Tubalek Kantabrian (Espainia) eta Bardulian hainbat herrixka sortu zuten, eta Balda jauregia izan zuten bizileku nagusi hark eta haren familiak. Hain zuzen ere, Mendizabalek dio Balda jauregia "Tubalda" izenarekin ere ezagutu izan dela historian zehar, eta "lotura nabarmena" duela, beraz, tubaldarrekin. Beraz, euskararen jatorria Azkoitian izateak "zentzua" duela nabarmendu du Mendizabalek, eta Eusko Jaurlaritzak kultur ondasun izendatu izana "oso berri ona" dela.

UNESCOren zain

Behin kultura ondare izendatuta, UNESCOren erantzuna falta da Donostiako Haizearen Orrazia eta Azkoitiko euskara Gizateriaren ondare bilakatzen diren edo ez jakiteko, datorren urte hasieran espero du Eusko Jaurlaritzak erantzuna jasotzea.

Abenduak 28, 22:00. MAXIXATZENek Inozente egunaren harira kaleratutako albistea da hau.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide