Gabonetako parke inklusiboa jarriko dute Elkargunean abenduaren 26an, 27an eta 28an

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 23a, 13:11

Aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoak kontuan izango dituzte aurten Elkargunean jarriko duten Gabonetako parkean. Abenduaren 26an, 27an eta 28an egongo da irekita parkea, goizez eta arratsaldez.

Urtero legez, aurten ere Gabonetako parkea jarriko dute Elkargunean, eta edizio honetan hainbat berrikuntza izango da parkean. Izan ere, Gazteria Zerbitzuko kideek adierazi dutenez, parke inklusiboa izango da aurtengoa; kontuan izango dituzte behar bereziak dituzten pertsonak, eta horretarako, haur eta gaztetxoen gurasoek parkeko sarreran zehaztu egin beharko dute beren seme-alabek arreta pertsonalizatua behar duten ala ez.

Horrez gain, beste hainbat neurri hartuko dute aniztasun funtzionala duten gaztetxoei laguntzeko: goizez ez dute musikarik jarriko parkean, behar bereziak dituzten haurrek lehentasuna izango dute ilaretan, puzgarrietan erabilpen ratioak egokituko dituzte, parkeko kartelak edonork irakurtzeko moduan jarriko dituzte eta gurasoen beharra duten haurrei gurasoekin egoteko aukera emango diete. Gabon parkea abenduaren 26an, 27an eta 28an egongo da irekita; goizez, 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide