Jone Zabaletak irabazi du Urteko Kirolari Onenaren saria

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 21a, 08:55

Urteko Kirolari Onenaren saria banatu zuten atzo, ostirala, udaletxean. 2019ko  kirolari onenei garaikurra banatu zieten lehenik, eta ondoren, kirolariek eta hedabideek urteko kirolari onena bozkatu zuten. Jone Zabaleta izan zen boto gehien jaso zituena, atletismoan lortutako garaipenengatik.

Jone Zabaleta korrikalariak erdietsi du Azkoitiko Urteko Kirolari Onenaren saria. Atzo, ostirala, egin zuten sari banaketa udaletxean, eta han jaso zuen Zabaletak oroigarria Javier Zubizarreta alkatearen eskutik. Zabaleta pozik agertu zen saria jasotzean, eta hitzartzean eskerrak eman zizkion udalari, klubari eta familiari. Kirolariek eta hedabideek emandako botoei esker eskuratu zuen korrikalari azkoitiarrak Urteko Kirolari Onenaren saria.

Bestalde, zenbait kirol modalitatetan parte hartu duten beste hamabost kirolari omendu zituzten atzoko ekitaldian. Sonia Vazquez zinegotziak gidatu zuen saioa, eta udaleko beste zenbait zinegotzik banatu zituzten sariak. Sari banaketari ekin aurretik, Javier Zubizarreta alkateak hartu zuen hitza, eta herriko kirolariei eskerrak eman zizkien "Azkoitiaren izen ona" zabaltzen laguntzeagatik: "Kirolari esker, herria ezagutzera eramaten duzue, eta herrien arteko harremana indartu. Herri honen ordezkariak zarete, kirolak behar zaituzte, eta herri honek ere behar zaituzte”, azaldu zuen alkateak. 2019an nabarmendu diren kirolariak ez ezik, alkateak hizpide izan zituen herriko gainontzeko kirolariak ere.

Gabonak gerturatzearekin batera, udalak urtero omentzen ditu azken denboraldian kirol modalitate ezberdinetan gailendu diren kirolariak, kirola balioan jarri eta kirolariei publikoki aitortza egiteko xedez. Iazko edizioan, Joseba Diaz izan zen Urteko Kirolari Onenaren saria eskuratu zuen kirolaria.

Hona hemen atzoko ekitaldian omendu zituzten hamabost kirolariak:

  • Esku pilota:

Gomazko paleta taldea: Iker Epelde, Jokin Aizpuru, Igor Juaristi, Markos Azpiroz, Igor Larrañaga eta Aratz Zabaleta.

  • Futbola:

Zihara Gabilondo

  • Karate:

Markel Piris

  • Xakea:

Judith Goenaga

  • Atletismoa:

Jone Zabaleta

  • Igeriketa:

4x100 libreko mutilak: Joanes Txurruka, Enaitz Osa, Urko Artola eta Eritz Etxaniz.

  • Triatloia:

Andoni Ibarbia

  • Ehiza:

Gorka Lizarralde

  • Arrantza:

Jokin Sudupe

  • Txirrindularitza:

Alex Davila

  • Tenisa:

Beñat Garmendia

  • Boloak:

Santos Muñoz

  • Saskibaloia:

Unax Odriozola

  • Gimnasia erritmikoa:

Oihane Urain

  • Herri kirolak:

Julen Alberdi Txikia IV

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide