Azkoitian jokatuko dituzte bihar Emakumea Pilotari Txapelketako lehen mailako partidetako batzuk

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 19a, 14:01
Eneritz Arrieta azkoitiarra Emakumea Pilotari Txapelketan arituko da.

Eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketari ekingo dio hainbat pilotarik bihar, ostirala. Azkoitiko Gurea pilotalekuan  jokatuko dira txapelketako lehen jardunaldiko partidak; tartean, Eneritz Arrieta azkoitiarrak Maddi Mendizabalekin batera Bergara-Arrillaga bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak.

Bihar, ostirala, hasiko da eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketa, eta Lehen Mailako aurreneko jardunaldiak Azkoitian jokatuko dituzte; Bigarren Mailakoak, aldiz, Azpeitian. 19:30ean hasiko dira Lehen Mailako partidak Gurea pilotalekuan, 19:30ean hasita; besteak beste, Eneritz Arrieta azkoitiarrak parte hartuko du Lehen Mailako txapelketan. Honako bikoteek jokatuko dituzte bihar partidak Azkoitian: Arrieta eta Mendizabalek osatzen duten bikoteak Bergara-Arrillaga bikotearen aurka jokatuko dute; Larrarte-Badiola bikoteak, aldiz, Araiztegi eta Orbegozoren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Guztira, hamar bikote ariko dira bihar hasiko den txapelketan: Lehen Mailan bost eta Bigarren Mailan beste bost. Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, Gipuzkoako hainbat herritan, abenduaren 20tik otsailaren 2a bitartean. Ligaxka bukatuta, otsailaren 8ko asteburuan izango dira finalerdiak, eta finalak, berriz, otsailaren 15ean. Euskal pilotan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko helburuarekin antolatu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa berri hau joan zen denboraldian, eta ekimenaren arrakasta ikusita, txapelketa beste urte batez antolatzea erabaki du federazioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide