Txanponaren bi aldeak ezagutu ditu asteburuan Anaitasunak

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 18a, 14:51
Mutilen taldeko jokalari bat lurretik borrokan. (Argazkia: Anaitasuna)

Asteburuan txanponaren bi aldeak ezagutu ditu Anaitasuna futbol taldeak. Mutilek hilabete luzez lortu gabe zeuden garaipena eskuratu zuten Txerloian; neskek, berriz, porrot gogorra jaso zuten Eibar futbol taldearen zelaian.

Mutilen garaipena eta nesken porrota utzi ditu asteburuak Anaitasuna futbol taldearentzat. Anaitasunako mutilen lehen taldeak lau eta huts garaitu zuen Debako Amaikak Bat taldea. Hilabete luzean garaipenik lortu gabe zen Xabier Artetxe entrenatzailearen taldea, baina garaipenaren bidera itzuli da maila altua erakutsita. Axi aurrelari oñatiarrak aurreratu zuen Anaitasuna, eta gol horren atzetik iritsi ziren Mikel Arzalluzek, Mikel Muguruzak eta Julen Aramendik egindako golak. Asteburuan, Zarauzko Asti futbol zelaian jokatuko dute partida. Sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute Anaitasunako mutilek, Eibar liderragatik hiru puntura.

Anaitasunako nesken lehen taldeari, berriz, txanponaren beste aurpegia egokitu zitzaion. Neurketa ona burutu zuen Eibar sailkapeneko bigarren sailkatuaren etxean. Emaitzak kontrakoa badio ere, une askotan estu hartu zuen Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Eibar. Lehen zatiaren hasieran eta amaieran lortu zituzten eibartarrek neurketako lehen bi golak. Bi eta hutsekoarekin gol aukerak aprobetxatu ez, eta etxekoek egin zituzten beste hiru gol. Lehen itzulia amaitzeko neurketa baten faltan dira neskak. Urtarrilaren 5ean jokatuko dute hurrengo partida Azkoitian, Hernani arerio zuzenaren aurka. Sailkapenaren erdialdian da Anaitasunako emakumeen lehen taldea.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide