Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira bilera antolatu dute biharko

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 19a, 09:03

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak lanuztera deitu du urtarrilaren 30erako, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Greba deialdia dela eta, bilera irekia deitu dute biharko, ostirala. 17:30erako jarri dute hitzordua Elkargunean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak –ELA, LAB eta beste hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen mugimenduak– antolatuta, greba orokorra izango da datorren urtarrilaren 30ean, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Pentsiodunek "mobilizazio handi" batekin markatu nahi zuten beren mugimenduaren bigarren urteurrena, eta horren harira egingo dute lanuztea. Greba deialdia dela eta, herriz herri bilkurak deitzen hasi dira, eta Azkoitian bihar, ostirala, egingo dute aurrena. Hain zuzen ere, 17:30erako jarri dute hitzordua, Elkargunean.

Eskaera zehatzak egingo dituzte grebarekin. Pentsioei dagokienez, urtero automatikoki gutxienez KPI bezainbeste igotzeko eskatuko dute, baita gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea ere. Horrez gain, 40 urtez kotizatu dutenek aldez aurretik erretiroa hartu ahal izatea ere galdegingo dute, pentsioan inolako zigorrik izan gabe. Lan merkatuari dagokionez, 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uzteko eskatu dute, gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko, eta soldatetan genero arrakala desagertzea ere bai. Gainera, bermatutako errenta (Nafarroan) eta diru sarrerak bermatzeko errenta (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) gutxieneko soldataren parekoak izatea nahi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide