Kattu gogoan xake txapelketa eta lore eskaintza egingo dituzte igandean

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 19a, 10:38

Igandea, abenduaren 22an, 10:00etan hasita, jokatuko da Ramon Oñederra Katturen oroimenezko xake txapelketa, Kultur Etxeko hirugarren solairuan. 12:00etan, lore eskaintza egingo dute, monolitoan.

Ramon Oñederra Kattu zenaren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte iganderako, Azkoitian. 1983. urteko abenduaren 19an, gaurko egunez GALek hil zuen azkoitiarra Baionako Kayetenia ostatuan.

Xake txapelketa 

Urtero legez, Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuta, Katturen Oroimenezko Xake Txapelketa jokatuko dute igandean. 10:00etan hasiko da xake txapelketaren 35. edizioa, Kultur Etxeko hirugarren solairuan. Lehiaketako parte hartzaile kopurua mugatua izango dela aurreratu dute antolatzaileek; 30 xakelarirentzako dago tokia. 

Txapelketa bukatutakoan, sari banaketa egingo dute Errexil tabernan, eta parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da bertan. Iaz 29 xakelarik parte hartu zuten Katturen oroimenezko txapelketan. Hector Sanchez azkoitiarra izan zen lehiaketako irabazlea.

Lore eskaintza, eguerdian

Xake txapelketaz gainera, igandean, Kattu eta haren ama zena –Arantza Bergara– gogoan, lore eskaintza egingo dute monolitoan, 12:00etan hasita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide