Sestra enpresari esleitu dio udalak igerileku berriaren exekuzio proiektuaren erredakzio lana

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 17a, 13:35
Igerilekua. (Argazkia: Udala)

Obren zuzendaritza eta exekuzio lanak egingo ditu, eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioaz arduratuko da. Kontratuak 150.040 euroko —BEZ barne— aurrekontua du.

Sestra Ingeniería y Arquitectura enpresari esleitu zaio Elkarguneko igerileku eta aldagela berrien exekuzio proiektuaren erredakzio lana. Kontratuaren arabera, Sestra arduratuko da, halaber, obren zuzendaritzaz eta exekuzioaz, eta obran segurtasunaren eta osasunaren koordinazioaz. Kontratuak 150.040 euroko (BEZ barne) aurrekontua du.

Aurretik enpresa berak burutu zuen igerilekuen handitzearen inguruan egindako alternatiben azterlana, aukerarik hoberena zehaztu ahal izateko. Orain garatuko den exekuzio proiektua azterlan hartan oinarrituko da.

Azterlanaren baitan hobetsitako proposamenak eskatzen du Elkarguneko futbol zelaia tokiz aldatzea. Zortzi kaleko igerilekua aurreikusten da, nahiz eta irisgarritasuna bermatzeko kale bat seguruenik arranpa bihurtu behar izan. Praktikan zazpi kale erabili ahalko lirateke. Halaber, aldagelek inklusiboak izan behar dute. Horretarako igerilekuaren kota berean eraiki beharko dira irisgarriak izan daitezen. Harmaila berriak eraikitzea ere aurreikusi dute udaletik igerileku berriari zerbitzua emateko.

Enpresa esleipendunak helegiteak jartzeko 15 laneguneko epea agortutakoan sinatuko du kontratua. Aldi berean, Azkoitiko Udalak azal du du "lanean" ari dela "proiektuari bideragarritasun ekonomikoa nola eman erabakitzeko".

Enpresa esleipendunak, kontratua sinatzen duenetik, lau hilabeteko epea izango du lana burutzeko. Esleipendunarekin batera, beste bi enpresek parte hartu dute lizitazio prozesuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide