Gurutz Larrañaga absolbitu egin dute 'De Miguel auzian'

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 17a, 13:24
Gurutz Larrañaga.

Fiskaltzak hamar urteko inhabilitazio eskaera egin zuen 2003tik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zen azkoitiarrarentzat. Gaur, abenduak 17, jakinarazi du epaia Arabako Lurralde Auzitegiak, eta Larrañaga absolbitu egin du.

Gaur, asteartea, jakinarazi du Arabako Auzitegi Probintzialak De Miguel auziaren epaia, eta Gurutz Larrañaga azkoitiarra absolbitu egin du auzitegiak. Hain zuzen ere, ustelkeria kasu jakin horregatik akusatutako 26 lagunetatik 11 absolbitu ditu auzitegiak; tartean, 2003tik 2009ra Eusko Jaurlaritzako sailburuorde izan zen Larrañaga.

Alfredo De Miguel EAJko buruzagi ohiak gidatzen zuen enpresa sare ustelari mesede egitea leporatuta epaitu dute azkoitiarra. Izan ere, Larrañaga Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zen Juan Jose Ibarretxeren gobernuan. Francisco Javier Sanchez Robles sasoi hartako Gazteria eta Jardun Komunitarioko Sailaren zuzendariaren jarduna kontrolatu ez zuelakoan epaitu zuten Larrañaga 2018ko urrian, eta fiskalak 17 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat.

Gerora, behin betiko ondorioak aurkeztearekin, baina, fiskalak berrikusi egin zituen akusatuentzako zigor eskaerak; are gehiago, jaitsi egin zituen eskaera horiek. Eta Larrañagarentzat hamar urteko inhabilitazio galdegin zuen fiskalak. Eusko Jaurlaritzako Javier Otaola abokatuak akusazio horretatik kanpo utzi zuen Larrañaga behin betiko ondorioetan, "uste onaren iruzurraren biktima" izan zela argudiatuta. 

Larrañagarentzat hamar urteko inhabilitazio eskaera egin zuen fiskalak, baina gaur kargu guztietatik absolbitu dute jaurlaritzako goi kargu izandakoa.

Zigortutako kide ugari

Euskal Herrian epaitu den ustelkeria kasurik handienetako baten epaia da gaur ezagutu dena. Besteak beste, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko Araba Buru Batzarreko burukide ohiei espetxe zigorrak ezarri dizkiete. Zigor moduan inhabilitazioa eta isunak jaso dituztenak ere badaude, ordea. Elena Cabero magistratuak idatzi du epaia, eta Jaime Tapia eta Raul Aztiria epaileek ere sinatu dute. Epaiak ez dauka boto partikularrik. Auzipetuek sententziari helegitea aurkeztu diezaiokete EAEko Auzitegi Gorenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide