'Ihesaldia' telesaileko protagonista

Iñigo Aranbarri: "Ederra izan zen gertaera hura, eta kontatu beharra zegoen"

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 17a, 09:54
Iñigo Aranbarri, Peio Arzamendiren rolean. (Argazkia: ETB)

Estreinatu berri den 'Ihesaldia' telesaileko protagonistetako bat da Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1983). Basauriko kartzelatik ihes egiten saiatu ziren bost presoen gertaera du oinarrian ikus-entzunezko lanak.

Peio Arzamendiren rola antzezten duzu igandean estreinatu zen Ihesaldia telesailean. Nor da Peio?

Peio 32 urteko preso politikoa da, eta etakide izateagatik dago kartzelan. Istorioa 1976. urtean kokatzen da, Franco diktadorea hil eta urtebetera. Kalean beste giro bat zegoen, gauzak aldatzeko beharra zuten herritarrek, eta kontakizun honetako protagonistak kartzelan zeuden. Preso egote hutsak ihesera bultzatuko ditu, eta kaleak borborka zirela jakinda, are tentazio handiagoa izango dute alde egiteko. Baina fikzio honetan Peiok kanpora ateratzeko duen motibazio nagusia beste bat da, ez dut esango, ordea, zein den. Kuriosoak ikus dezala telesaila.

Fikzio soziala da Ihesaldia; hau da, egiazko gertaera bat du oinarri istorioak.

1976. urtean Basaurin [Bizkaia] izan zen ihesaldi saiakera berezi baten kontakizuna egiten du telesailak. Beste hainbat ihesaldi izan ziren kartzela berean, baina ihesaldi honek badu berezitasun bat: kartzela barrura egin zuten ihes presoek, ez kanpora. Denbora irabazte aldera egin zuten hori, tunela egiteko denbora faltan baitziren, dispertsatuko zituzten beldurrez.
Telesaila benetako gertakari hartan oinarrituta dago, gertatu zenak bere horretan interes handia duelako. Sinesgaitza dirudien gertaera horietako bat izan zen. Istorio hori telesail bihurtzeko ikus-entzunezkoen ezaugarrietara egokitu behar da, eta atal bakoitzaren bukaera hurrengorako amua izatea ezinbestekoa da. Gainera, istorioaren bukaera ere aldatu egin da, argumentuaren mesedetan.

Bost astetan grabatu dituzue telesailaren bost atalak, eta kartzelako irudiak hartzeko, Segoviako (Espainia) espetxean izan zarete. Gogorra izan al da grabaketa prozesua?

Denetarik izan da, baina ezin ukatu gogorra izan ez denik. Kontzientziatuta geunden hasterako; izan ere, kartzela batetik ihes egiteak gogorra behar du izan. Eta kontatu behar genuen istorioa zera zen: 52 egunez, neguan, ganbara batean ezkutatuta dagoen boskotearena; jateko eskasian, berotzeko estalkirik soberan ez, eta gauez tunela zulatzen ahalik eta ordu gehien sartzen zituztenena. Kanpoan zain zituztenekin kontakturik ezin zuten egin, bertsio ofizialak ihes egin zutela esana baitzuen, eta familiek ez zuten beren berririk. Ez zuen erraza izan behar egoerak.

Kartzela ihesaldien generoak zale ugari dituela diote. Telesailak zer harrera izatea espero duzue?

Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan Euskal Herrian izandako ihesaldi saiakera kuriosoenen bilketa egiten du, eta tartean dago Basaurikoa. Liburua banuen, eta telesailaren proiektua aurkeztu zidatenean, berrirakurri egin nuen. Ederra izan zen gertaera, eta kontatu beharra zegoen. Niri gustatu zitzaidan istorioa, fikzioa nola geratu den ez badakit ere. Ikusteko irrikitan nago; ea jendeari gustatzen zaion. ETBk proposatutako formatua, gainera, erakargarria iruditzen zait: igandean hasi eta ostegunera arte, egunero 50 minutu inguruko atal bat emango dute telebistan.

Formatu bitxia du telesailak: izan ere, bost atalak jarraian emango dituzte. Zergatik modu horretan?

Ez dakit zergatik egin nahi izan duten hori, baina uste dut egun telesailak kontsumitzeko dagoen moduagatik izango dela. Plataforma batzuek denboraldi guztia kolpetik eskuragarri jartzen dute; beste batzuek, berriz, astean behin askatzen dute pildora bana. Baina argi dago bost atal besterik ez dituen telesaila izanda, errazago dela atalak segidan eskainita kateatzea jendea. Ea hala den.

Urola Kostako Hitzak argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide