Bizilagunekin plataformako kideen hitzaldiarekin amaitu dira aurtengo Bidaia Tertuliak

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 14a, 10:02
Kultur Etxean izan zen Bidaia Tertulien aurtengo azken hitzaldia.

Bizilagunekin plataformako kideak izan ziren atzo, ostirala, Kultur Etxean. Azkoitiko Bidaia Tertulien aurtengo azken saioa izan zen talde donostiarrak eskainitakoa.

Egungo turismo ereduak Donostian duen eraginaz aritu ziren atzo, ostirala, Bizilagunekin plataformako kideak Kultur Etxean. Azkoitiko Bidaia Tertulietako azken hitzaldia eskaini zuten Donostiako plataformako lagunek. 

Irailaren 20an hasi ziren IXX Bidaia Tertuliak. Lehen saioan, Hong Kong-etik Bilbora izenburupean Paula Muga izan zen solasean Kultur Etxean. Bigarren hitzaldia, berriz, urriaren 18an eman zuen Iker Iriartek, Floreagako On Bosco aretoan. Laponia 'Arrastoan' dokumentalari buruz aritu zen Iriarte.

Hirugarren hitzaldia azaroaren 15ean izan zen. Saioa Bolivarrek eta Irune Gabilondok Madagaskar mora mora solasaldia eskaini zuten Kultur Etxean. Azken saioa, aldiz, atzo eman zuten Bizilagunekin plataformako kideek. Donostia arriskuan, deshazkunde turistikorantz irtenbide proposamenak izan zen Bidaia Tertulien azken saiorako hautatutako gaia. Datorren urtean hogeigarren ediziora iritsiko dira Bidaia Tertuliak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide