Bertako jakiak, egunero saskian

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 13a, 11:00
Ainara Garcia eta Ekaitz Arrese, Jaki-Saski proiektuaren sustatzaileak. Julen Fernandez da hirugarren kidea.

Ainara Garcia eta Ekaitz Arrese Azkoitiko bizilagunen eta Julen Fernandez donostiarraren Jaki-Saski proiektuak bi Urkome sari jaso ditu. Bertako elikagaiekin osatutako otorduak banatuko dituzte.

Landa eremuarekin lotura handirik ez zuten orain arte Ainara Garcia (Azpeitia, 1987) eta Ekaitz Arrese (Lemoa, Bizkaia, 1977) Azkoitiko bizilagunek. Gezurra dirudi, bi Urkome sari poltsikoratu baititu haiek ondutako Jaki-Saski proiektuak: Iraurgi Berritzenen eta UKUEren saria eta boto bidezko sari irekia. Haiekin batera, Julen Fernandez (Donostia, 1986) sukaldaria da proiektuaren hirugarren sustatzailea. Honako hau da egitasmoa, funtsean: bertako elikagaiekin osatutako tuperrak banatuko dituzte inguruko etxeetara, lantokietara edo nahierako lekuetara.

Behar bat atzeman zuten gizartean, eta hori izan zen egitasmoaren ernamuina. "Jende askok ez dauka denborarik sukaldean aritzeko. Hemen inguruan asko dira lanera tuperra hartuta joaten direnak eta beti gauza bera prestatzen dutenak. Gainera, askok ez dute osasuntsu jaten", azaldu du Garciak. Horri irtenbide bat eman nahian sortu dute Jaki-Saski, "dieta osasuntsua eta anitza" ahalbidetuko duen egitasmoa.

Honako modu honetan funtzionatuko du proiektuak: interesatuek, gutxienez, jatordua jaso baino lau egun lehenago egin beharko dute eskaria webgunean; ondoren, Fernandezek otorduak prestatuko ditu eta norberak nahi duen lekuan jasoko du eskatutako tuperra.

Hasiera batean, behintzat, eguneko jatordu bat prestatuko dute: bazkaria. Eta ez da menua aukeratzerik izango, tokatzen dena jan beharko da –hilean bizpahiru aldaketa egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, zerbait gustatzen ez bazaie–. Egun bakoitzeko plater bat jasoko dute eskaria egiten dutenek, "jatordu osasuntsu batek behar dituen osagai guztiak izango dituena". Hilabete osoan ez da menurik errepikatuko; beraz, askotariko elikagaiak jan ahal izango dituzte herritarrek: barazkiak, lekaleak, arraina, haragia... Sustatzaileen arabera, garaiko produktuek izango dute lehentasuna otorduetan.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide