Azkoitiko kultura saila batazbestekotik gora dago administrazioen arteko euskarazko harremanetan

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 13a, 12:00

Administrazioen arteko euskarazko harremanak neurtzerakoan, adierazle guztietan batezbestekotik gora dago Azkoitiko Udaleko kultura saila. Horixe da Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak (HAKOBA) bultzaturiko administrazioen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko proiektuaren harira egindako azterlanak eman duen emaitza.

Siadeco ikerketa elkarteak egindako azterketan kultura saileko eta liburutegiko teknikariek eta administrariek parte hartu dute. Lanean ahozko eta idatzizko harremanak norekin eta zein hizkuntzatan dituzten galdetu diete ikerketan partaideei. Hakoba taldeak egindako proiektua kultura arlora mugatu da.

Azkoitiko kasuan, %92,8koa da kultur langileen arteko euskararen ahozko batezbesteko erabilera; %70,8koa datu orokorra. Administrazioen artean, Eusko Jaurlaritzarekin harremana euskaraz da %85ean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin %80,3an eta inguruko udalekin %100ean. Idatzizko euskarazko harremanek %86,3 hartzen dute, eta elebitan %13. Guztira, %99,3an erabiltzen da idatzizko harremanetan euskara.

Testu ez ofizialak, teknikoak, lan bileretako dokumentazioa eta aktak edota ekitaldietako idatziak euskara hutsean egiten dira %87 eta %92 artean, edo elebitan aurkezten dira %100era iritsiz; datu orokorra, berriz, %83 da. Hakoba taldeko kide dira Hizkuntza Politika Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide