Txapelen omenezko bertso saiorako sarrerak eros daitezke

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 13a, 09:00

Abenduaren 20an izango da saioa. 22:00etan hasita, Azpeitiko Soreasu antzokiko agertokian izango dira Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi eta Oier Etxeberria. Saioan ariko den seigarren bertsolaria Gipuzkoako txapelduna izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko zortzi eurotan.

Abenduaren 20an, ostirala, izango da Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren oroimenezko bertso saioa. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da saioa 22:00etan hasita, eta kantuan ariko diren sei bertsolarietatik bost zehaztu ditu dagoeneko Erniarraitz bertsozale elkarteak. Hain zuzen ere, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi eta Oier Etxeberria dira zehaztuta dituzten bertsolarien izenak, eta seigarrena zapatuko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren irabazlea izango da. Beraz, ikusteko dago Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Jon Maia, Ane Labaka, Beñat Lizaso edo Nerea Elustondo izango den Soreasun. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte ariko da.

Sarrerak eskuragai

Saiorako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Azkoitian Zurt tabernan jarri dituzte saltzen, baina herritik kanpo Azpeitiko Sanagustin kulturgunean nahiz Orkatz tabernan eta Zestoako Portale kulturgunean erosi ahal izango dira sarrerak. Aurrez zortzi euro ordaindu beharko da sarrera, eta egunean bertan hamar euro. Saioaren egunean Soreasu antzokiko leihatilan jarriko dituzte sarrerak eskuragarri.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide