Anaitasuna MBk "jendea ekintzetan inplikatzeko" deia egin du, 2020rako hainbat hitzordu "kolokan" daudela ohartarazita

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 12a, 11:47
Aurtengo Kakuteko Egunean hartutako irudia.

Azkoitiko mendizaleen elkarteak datorren asteazkenean, abenduaren 18an, egingo du urteko batzarra. Han, besteak beste, datorren urteko egutegiaz hitz egingo dute, eta aurreratu dute boluntario aritzeko prest dagoen jendea behar dutela, besteak beste, Kakuteko Eguna, Mendi Astea, Zazpi Kurutzeen martxa edota Pirinioetarako irteera antolatzeko.

Urteko batzarra egingo du Anaitasuna Mendi Bazkunak datorren asteazkenean, hilaren 18an. Kultur Etxean izango da bilera, 20:00etan. Bertan, ohi bezala, amaitzear den urtearen balantzea aurkeztuko dute zuzendaritza batzordekoek eta hurrengo urterako egutegia ere hizpide izango dute batzarrean.

Hain zuzen ere, 2020rako ekintzen egutegiarekin lotuta, batzarrerako deiarekin batera beste dei bat ere egin du Anaitasuna MBren zuzendaritzak. Izan ere, urteroko hainbat ohiko hitzordu "kolokan" gera daitezkeela ohartarazi dute mendizaleen elkartekoek, "antolakuntzarako boluntario faltagatik";  Kakuteko Eguna, Mendi Astea, Zazpi Kurutzeen martxa edota Pirinioetarako irteera aipatu dituzte, hain zuzen ere. Beraz, "jendea ekintzetan inplikatzeko" eskatu dute. 

Egun sei lagunek osatzen dute mendizaleen zuzendaritza batzordea, baina horietako batzuk utzi egingo dute laster ardura hori eta "batzordean sartzeko" jendea ere behar dute Anaitasunakoek. Orain arte elkartean ibili ez diren lagunak zein batzordekide ohiak "ongi etorriak" izango direla nabarmendu dute, "proposamen eta ideia berriak ere gustura hartuko" dituztela gaineratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide