Ispirit taldeak gospel doinuz jantziko du Baztartxo antzokia larunbatean

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 11a, 09:53

XIV. Gospel Zikloaren barruan eskainiko du Donostiako taldeak kontzertua, 20:00etan. Gospelak utzi dituen abesti gogoangarriak taularatuko ditu zazpikoteak, eta sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai.

XIV. Gospel Zikloa Azkoitira iritsiko da datorren larunbatean, hilaren 14an, eta egitasmoaren barruan, Ispirit Donostiako taldeak kontzertua eskainiko du Baztartxo antzokian. Ainhoa Egiguren, Lidia Insausti eta Lide Hernando abeslariek eta Iñaki Miguel pianistak, Iñaki Santos organista, Maria Soriazu baxu-jotzaileak eta Andoni Etxebeste bateria-jotzaileak osatzen dute taldea, eta horien hitzetan, gospelaren "divarik handienak" gogoratuko dituzte larunbateko saioan; besteak beste, Mahalia Jacksonen, Sister Rosetta Tharperen eta Clara Warden abestiak taularatuko dituzte. Horrez gain, "oinarri espiritualak" dituzten kantuak ere entzun ahal izango dira, esaterako, Simon&Garfunkelen Bridge Over Troubled Water. "Azken abesti honen bertsio zoragarria egin zuen Aretha Franklin berak. Elvis Presleyk ere gospel asko egin zuen eta bere abestiren bat ere sartuko dutu, jendeak gospel bezala ezagutzen dituen Oh Happy Day Bezalako klasikoez gain".

Taldeari dagokionez, berriz, musikariek ohartarazi dute ez direla abesbatza bat, askok gospela koruekin lotzen badute ere: Jendeak gospela gospel beltzarekin eta abesbatzarekin lotzen ditu. Baina estilo musikal guztietan bezala, gospelak adar asko ditu. Esan behar da gospel beltza eta gospel zuria daudela, baita AEBtan ere, betidanik".

Larunbatean, 20:00etan hasiko da kontzertua, eta hara joateko sarrerak Baztartxoko leihatilan salduko dituzte egunean bertan, emanaldia hasi baino ordubete bat lehenagotik, bost eurotan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide