Larunbatean, Arantzazura

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 11a, 09:44

Honako hau da Gipuzkoako Kristauak taldeak idatzi eta Gipuzkoako 300 pertsonek sinatu duten manifestua.

“Dei bat heldu zaigu sarean, ahoz aho dabilena, Gipuzkoako Kristauak taldearena: Arantzazun elkartzeko deia, Eukaristia batean, Elizbarrutiaren egoera dela eta. Gonbit horri baietza eman diogu Gipuzkoako parrokietan pastoralgintzan gabiltzan andre-gizon laikook eta herrigintzan ari garenok.
Hamar urte dira, Munilla gotzaina eta eragile arrotzak buru, Donostiako Elizbarrutian Kontzilioaren bidea moztu eta lau hamarkadatan eraikitakoa eraisten ari direla, hemengo Elizatik kanpo erabakita eta Gipuzkoako kristau elkarteari bizkarra emanez. […]

Ikusi dugu gotzain honek eta bere lantaldeak zer Eliza eredu duten: klerikalismoa DNAn daramana, non parrokiak apaizarenak diren, elizbarrutia gotzainarena den eta laikoak klerikoen azpian dauden, horiei men eta amen egiten, umeak bagina bezala. Ez ba, Eliza ez daukagu menderatuen eta menderatzaileen elkartetzat, Jainkoaren Herritzat baizik. Ebanjelioaren lekuko eta Jesu Kristoren jarraitzaile gisa, fededun heldu eta gizon-emakume aske izatera deituta gaude, eta ez ditugu onartzen gotzain honen eta beretarren klerikalismoa eta inposizioa.

Gure historia errespetatzea nahi dugu, Elizbarrutian landu eta onartutako Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura bide orri Kontziliotarra aintzat hartuz, Setien gotzainak orain 20 urte bere egin zuena. Bertan, zera irakur dezakegu: “Gure Elizak gehiago garatu nahi du laikoen partaidetza eta erantzukizuna koordinaketa-eta zuzendaritza lanetan, gure indar ebanjelizatzailea ahuldu besterik egiten ez duten fidakaizkeriak edo iheskeriak gaindituz”; “gure Elizbarrutian emakumeak dagokion aitormena izatea nahi dugu, balioztatua eta onartua izatea, inolako bereizkeriarik gabe”. […] Horra guk nahi eta bultzatutako Eliza, Ebanjelioa bizitzeko eta gure herriari eskaintzeko, orain Frantzisko aita santua bera berresten ari dena; aldiz, gotzainak eta bere taldeak erasotzen dutena da, itxura guztien arabera, ebanjelio zerbitzuarekin zerikusirik ez duten interesengatik eta gure elizbarrutitik kanpoko ildo eta erabakiak jarraituz. Ebanjelioa bizitzeko era anitz dago, baina dena ez da balekoa. Ezin ditugu eraman Jesusen espirituaren antipodetan dagoen gotzaina eta behartzen ari den Eliza atzerakoia, non gotzain-boterearen abusua gailentzen zaion zerbitzu jarrerari; non negozioa eta dirua egitea diren gakoa, pobreentzako Elizaren keinu eta ekintzak beharrean; non manipulazioa eta gezurra nagusitu diren, egiari errespetua ordez; eta hobetsita dirudien Gipuzkoan arrotza denak gure herrian errotutako Elizak baino.

Ohituta gaude herriari dagozkion gauzetan erabakitzen. Boto eskubidearen jabe gara, eta horrek nortasuna ematen digu gainerako herritarrekin arduradun izanez; maiz, lan egiten eta erabakitzen dugu taldean, elkarrizketaz, eta nahiz eta kostatu, amore emanez. Urrun eta herren nabari dugu gotzain honen eliz ikuskera kultura parte hartzaile eta demokratiko honetatik. […] Nola antzemango du inork Nazareteko Jesusen espiritua Gotzaindegia hotel bihurtzea erabakitzen duen gotzainarengan eta bere Elizan, nahiz eta Gipuzkoako mila pastoralgile, erlijioso eta apaizek esan ez egiteko halakorik? Nekez.

Badirudi gotzain honen agendatik kanpo dagoela migrazioa, Europako eta Ameriketako mugetan, baita Irungo zeharbidean, etorkin-errefuxiatuei laguntzea zigortuta dagoen arren, eta pertsonak itsasoan erreskatatzea debekatuta. Aita Mariren azken ordua Mediterraneotik: 78 pertsona erreskatatu dituzte Libiako infernutik ihesi noraezean zebiltzala, Espainiako Gobernuaren ezezkoari aurre egin eta naufragoen bila joanez; ez dauzkate ahaztuta Frantzisko aita santuaren adore hitzak: “Jarrai lanean”. […] Gotzain honek ez du bere egin Donostiako Elizbarrutian landutako nortasun ebanjelikoa. Alderantziz, milaka kristau gipuzkoarrek urteetan eraikitako Eliza ea eraisten duen dabil jo eta su, Elizbarruti hau Kontzilioaren arrastotik ateratzeko. Hala, gotzaina bera dugu zatiketa sortzaile eta sufrimendu eragile Gipuzkoako Elizan.

Gurutze bide honetan, alabaina, ez dugu etsiten. […] Jainkoak ez gaitu bakarrik uzten, eta sufrimenduaren ezinean sortzen zaigu itxaropena Ebanjelioaren bizipenetik. […] Horretara goaz Arantzazura abenduaren 14an, 11:00etan izango den Euskaristiara. Gonbidatuta gaude kristauak eta gure herriari zerbitzu ebanjelikoa eman dion Eliza estimatzen duen hainbat eta hainbat gizon-emakume, elkartasuna adierazi nahi duen oro. Pozgarria eta pizgarria da deia, zinez beharrezkoa, fedea sendotzeko eta batasun bizipena berritzeko, hain zauritua eta hautsita dagoen gure Elizbarruti maitearen alde otoitz egiteko, hain gurea dugun Arantzazuko santutegian, frantziskotarrekin batera. Arantzazun elkartuko gara. Goazen!”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide