Uxoa Aizpuru, autoeskolako irakaslea

Uxoa Aizpuru: "Beste zailtasun batzuk badituzte, baina ikasleen jarrera oso ona da"

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 2a, 11:24
Uxoa Aizpuru.

"Lan desberdinak, ohikoz kanpokoak, gustatu egiten" zaizkiola dio Etxaniz autoeskolako arduradunak. Horregatik, besteak beste, erabaki zuen Martuteneko espetxean gidabaimena ateratzeko eskolak emateko boluntario aurkeztea. Azkoititik Donostiara joanez dabil astero joan den urritik, eta “gustura” dabil. Maxixatzenen abenduko zenbakia argitaratutako elkarrizketa da honako hau. 

"Esperientzia txarra". Erantzun hori jaso zuen Uxoa Aizpuruk (Urrestilla, 1973) autoeskolen elkarteko Whatsapp taldean, Martuteneko kartzelan eskolak emateaz galdetu zuenean. Aurrekari onik ez, beraz, baina ordurako hartua zuen erabakia, eta jasotako erantzun horrek ez zuen atzeratu. Joan den urritik, astean behin-edo joaten da Etxaniz autoeskolakoa Donostiako espetxera, han preso dauden sei laguni gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa prestatzen laguntzera.

Irailean, Espainiako Autoeskolen Konfederazio Nazionala deritzonak deialdia bidali zien Espainiako estatuko autoeskola guztiei, esanez kartzeletan preso zeudenei gidabaimena ateratzeko aukera emateko hitzarmena sinatu zuela Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin (DGT), eta irakasle boluntarioak behar zituztela, eskolak doan emateko. Mezuak berehala piztu zuen Aizpururen arreta, baina ez zuen erantzunik eman. "Iruditzen zitzaidan lan horrek Donostia aldeko batentzat izan behar zuela; eskolak ematera Martutenera joan beharra zegoenez, kartzela bertatik bertara zuen norbaitentzat". Baina ez Donostia aldekorik, ez beste inongorik. Inor ez zen aurkeztu deialdira, eta aste batzuetara berriro jaso zuten konfederazioaren eskaera autoeskoletan. Eta orduan bai, pausoa ematea erabaki zuen Azkoitiko autoeskolakoak: "Pentsatu nuen: "Zergatik ez?".

"Bihotza ukitzen" duten lanak

25 urte bete dira aurten Aizpuru osaba-izeben autoeskolan lanean hasi zenetik, eta haiek erretiroa hartu zutenetik, 2003tik, bera da autoeskolaren arduraduna. Urte horietan guztietan ehundaka ikasleri erakutsi die, ez zaio lanik falta izan, baina aitortzen du "lan desberdinak, ohikoz kanpokoak, gustatu egiten" zaizkiola. Horregatik egin zitzaion deigarria Martutenen aritzeko aukera: "Bihotza ukitzen didaten lanak gustatu egiten zaizkit eta kartzelakoa oso lan desberdina da, kolektibo desberdin batekin egitekoa. Lan hori egitera joaten zarenean, erronka moduan hartzen duzulako da".

Erronka, eta borondatea ere bai, lan boluntarioa delako egiten ari dena. Martutenekoa orain arte egin duen berezienetakoa –edo bereziena– da, baina ez da Aizpuruk musutruk eta boluntario lan egin duen lehen aldia. Eta boluntario aritzearen garrantzia azpimarratu du, besteen alde zerbait ematearen alde, sutsuki: "Niri zerbaitek barruan esaten zidan hori egin, egin behar nuela. Nik etxean baten bat edukiko banu Martutenen, gustatuko litzaidake beste batek nire familiako horrengatik zeozer egitea. Zuk nahi baldin baduzu norbaitek zugatik zerbait egitea, zergatik ez zuk besteengatik egin? Horrek bultzatu ninduen. Gustatu egiten zaizkit gauza horiek eta uste dut, gainera, horrelakoak egiteko jendea behar dela. Gaur egun ez da erraza bilatzea, boluntario lana galtzen ari da. Kartzelarako deialdiarekin ikusi da hori ere: ordainpekoa ez zenez, ez zen inor apuntatu. Bokazioa non dagoen, galdera hori etortzen zait niri burura. Guk etxean ikasi dugun zerbait da, ama horrelakoa izan da beti, eta ni ere horrelakoetan beti baiezkoa ematen dutenetakoa naiz".

Kartzela, filmak, Martutene

Tokia eta horrek bere-bereak dituen baldintzak dira Aizpuru Martutenen egiten ari den lanaren berezitasun nagusiak. Martutenera lehen aldiz joan zenean ezagutu zuen aurrenekoz kartzela bat urrestildarrak. "Eta, uf, lehenengo aldiz kartzelara…".

Lehen egun hartan aurkitzea espero zuena eta barruan ikusitakoa ez ziren izan, ordea, gauza bera. "Telebistan, filmeetan, ikusten dituzu kartzelak. Iruditeria bat sortzen duzu, sortzen dizute. Guztiek esan zidaten inpresio handiena eragingo zidala sartu ondoren atzean ateak krak, krak ixten entzuteak, baina niri horrek ez dit horrenbesteko zirrararik eragin. Askoz gogorragoa izango zela pentsatzen nuen. Pentsatzen nuen miatu egingo nindutela, eta ez", kontatu du. Bizkarrean ixten diren ateen hotsak ez bezala, bada, baina, lehen egunean "zirrara" eragin zion irudi bat: "Moduluan lehen aldiz sartu nintzenean, zirrara eragin zidan bukaeran burdin hesia eta haren atzean pertsonaz betetako korridorea ikusteak. Pentsatzen nuen denak ziega barruetan egongo zirela, baina ez, korridorean egoten dira".

Ostegun goizetan joaten da normalean Donostiara, eta dagoeneko ezaguna zaion protokoloa jarraitzen du kartzelan sartu behar duen aldiro; han lan egiten duen hezitzaile bat ateratzen zaio bila, eta harekin sartzen da beti barrura. Protokoloak protokolo, "kartzela barrua beste modu batekoa" izango zela pentsatzen zuen. "Askoz zaintza zorrotzagoa irudikatzen nuen, kontrol gehiago edo, filmetan horrelakoak ikusten dituzulako. Baina Martutenen ez da horrela", dio. Klasea ematen duen gelako atea beti erdi irekita uzten dute, eta haren bestaldean dagoen kontrol gune batean beti daude bi funtzionario. "Gela barruan kamera bat dago, eta funtzionarioek haren bidez zaintzen dute gela. Baina ez dut inolako arazorik edo gorabeherarik izan, ezertxo ere ez. Alderantziz, oso-oso ondo hartu naute eta oso lasai egoten naiz. Zerbait gertatuko zaizunaren kezka baduzu, ez zara joaten".

Atseden tartean bere ikasleekin egoten dela dio, korridorean, han egoten diren gainerako presoekin batera. Haiek ere badakite zertara joaten den Aizpuru Martutenera, eta autoeskolako irakaslearen presentzia baliatzen dute, zalantzak argitzeko: "Asko etortzen zaizkit galdezka, gidabaimenaren puntu guztiak galdu dituztela eta horiek berreskuratzeko zer egin behar duten jakin nahian, eta antzeko kontsultekin".

Ikasleekin pozik

Kartzelan eskolak emateko, hori bai, derrigor egin behar izan ditu egokitzapenak Aizpuruk. Han barruan ez dute Internetik, ez dago wifi sarerik –mugikorra ere sarreran utzi behar izaten du–, eta informatikako gelan ordenagailu guztiek deuseztatuta dauzkate USB sarbideak. "Hezitzaileak esan zidan moduan, kartzelan sartzen zarenean 40 urte atzera egiten duzu". Gabezia horiek eragozpenen bat sortu diete irakasleari zein ikasleei, baina konpondu dituzte, eta ikastaroak aurrera darrai.

Ikasleekin pozik dago Aizpuru, "oso gogotsu" ikusten ditu. "Haientzat, norbait kanpotik horrelako zerbaitetara joatea plus bat da. Niretzat esperientzia berria da, eta beraien- tzat ere bai", dio. Taldean dituen lau gizonezkoak eta bi emakumeak "printzipioz laster" irtengo dira kartzelatik eta badakite gidabaimena tresna garrantzitsua izan dezaketela, irtendakoan lana-eta bilatzeko. Irakasleak "guztiz motibatuta" sumatzen ditu ikasleak, eta motibazioaren iturriak bat baino gehiago direla uste du: "Batetik, klasea dutenean, bestela luze egiten zaien goiza okupatuta dute; bestetik, interes handia dute eta lan asko ari dira egiten, lehen egunetik. Gainera, lortu dute testak-eta egiteko arratsaldeetan informatika gela beraientzat uztea. Berez, 13:30etik 17:00etara derrigortuta daude ziegan egotera, ezin dute irten". Aizpuruk berak eskatu ondoren eman zieten arratsaldeetan informatika gela erabiltzeko aukera; orain, astelehenetik igandera, arratsaldero izaten dute informatika gela eskura gidabaimena ateratzeko ikastaroan dabiltzanek, etxeko lanak lasai egin ahal izateko. "Ni joaten naizenerako test pila bat eginda izaten dituzte, zalantzak apuntatuta ekartzen dizkidate… Beste zailtasun batzuk badituzte, baina ikasleen jarrera oso ona da".

Datorren abenduaren 18an egingo dute azterketa Aizpururen Martuteneko ikasleek, kartzelan bertan. Aizpuruk ezingo du egun horretan han egon, baina emaitzei adi egongo da. "Ikasleak ilusioarekin ikusten ditut, ea dena ondo ateratzen zaien. Ikastaroaren gutxieneko 25 orduekin nahikoa ez badute, gehiagotan joateko prest nagoela esan diet. Behin talde bat hartzen duzunean, bukaeraraino ondo eramatea da nahi duzuna; autoeskolako gainerako ikasleekin ere horixe nahi izaten dut, eta Martutenekoekin berdin-berdin".

Esperientzia txarren aurrekariei kasorik ez egitearen damurik ez du autoeskolako irakasleak. Bizitzen ari den esperientziarekin "gustura", Martutenen "ongi etorria sentitzen" dela nabarmendu du. "Ez da diruagatik egiten duzun lan bat. Bete egiten zaitu, bihotza betetzen dizu eta esperientzia berri bat da. Horregatik egin dut, neure burua barrutik betetzeko, edo ez dakit nola esan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide