Iroa, egunerokorako aproposena

Babestutako albistea 2020ko urt. 9a, 09:00

0-18 urte bitarteko ume eta gazteentzat arropa denda zabaldu dute Iratxe Odriozola Bereziartuak eta Ainhoa Unanue Iruretak. Horrez gain, umeen eta gazteen garapenarekin lotutako hitzaldi saioak eskainiko dituzte saltokian bertan.

Irailean zabaldu zuten Iratxe Odriozola Bereziartuak eta Ainhoa Unanue Iruretak Iroa umeentzako arropa denda Azkoitiko Trino Uria kaleko 1 zenbakian. 0-18 urte bitarteko neska-mutilentzat arropa dute Iroan, eta gaur egungo joerekin bat egiten duten askotariko jantziak aurki daitezke bertan; egunerokoak, modernoak eta erosoak. Horixe da Iroa.

“Arropa troteroa nahi genuen dendan, umeek egunerokoan erabili ahalko dutena”. Izan ere, eskutik doaz erosotasuna eta egunerokoa, eta hori eskaintzen dute Iroan. Hara joaten denak eskolara, jolasera, zinemara edota lagunengana joateko moduko jantziak topatuko ditu. Dena den, egun edo ospakizun berezietarako arropa behar duenak ere izango du zer eskuratu saltokian. Hori gutxi ez, eta prezioari dagokioenez ere poltsiko guztietara egokitutako jantziak dira han salgai dituztenak. “Saltokian dugun arropen prezioa ez da maila altukoa, ezta baxua ere. Edonork eros ditzakeen moduko jantziak ditugu”.

Iroan, ordea, umeentzako arropa dendaz haratago joan nahi dute, eta datorren urtetik aurrera, bestelako zerbitzu batzuekin uztartuko dute salmenta. Besteak beste, haurren eta nerabeen garapenarekin lotutako askotariko hitzaldiak eta saioak eskaintzen hasiko dira saltokian bertan egokitu duten gelan. “Biok ditugu ume txikiak, eta heziketaren aroan murgilduta gaudenez, interesgarria iruditzen zitzaigun guraso bezala ditugun kezkak edota jakinminak partekatzeko gune bat sortzea. Hitzaldien bidez, askotariko gaiak jorratuko ditugu, baina ez umeengan eragina dutenak bakarrik; nerabeei eta gazteei lotutako gaien inguruan hausnartzeko beharra ere badagoela uste dugu”, esan dute.

Marka ugarirekin egiten dute lan Iroan, eta urtean zehar, garaiari lotutako eskaintza bereziak egingo dituztela aurreratu dute Odriozolak eta Unanuek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide