Fran Garagarza: "Eibarren ditudan sentipenak ezingo ditut eduki beste inon"

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 4a, 11:00
Fran Garagarza. (Argazkia: Eibar)

Fran Garagarza Eizagirre (Mutriku, 1969) Azkoitiko bizilaguna da duela 11 urtetatik. Hamar denboraldi beteko ditu aurten Eibarko kirol zuzendari postuan. Eibar Espainiako Lehen Mailara iristeko bidean, pertsona garrantzitsua izan da Azkoitiko bizilaguna. Orain artekoari eta etorkizunari buruz hitz egin du Maxixatzenekin abenduko aldizkarirako.

Zenbat urte damatzazu Eibar klubean?

Hamabost urte dira Eibarren gazteen mailako entrenatzaile postua hartu nuela. Gero, harrobiaren koordinatzailea izan nintzen hiru urtez, eta aurten, hamargarren denboraldi beteko dut kirol zuzendari lanetan.

Eibarko gizonen lehen taldearen denboraldia espero bezala al doa?

Bai, baina Espainiako Lehen Mailari eusteak garestiagoa izango denaren itxura du. Aurten, taldeen maila hobea da, eta beraz, hasiera batean, zailtasun gehiago izango ditugu mailari eusteko.

Noiz eta nola iritsi zinen Eibarko kirol zuzendari izatera?

Gazteen mailako entrenatzailea nintzen, eta lehen taldeko bigarren entrenatzaile izatea eskaintzeko deitu zidaten Javi Perezek eta Manix Mandiolak. Baietz esan nien. Denboraldi hartan, mailari eutsi genion, baina Mandiolak ez zuen jarraitu Eibarren. Klubak esan zidan ez nuela bigarren entrenatzaile izateko aukerarik, baina harrobiko koordinazioaren ardura nik hartzea nahi zuela. Bigarren Mailara igo ezinik eta aurrekontu handiarekin, nahikoa zailtasun zituen klubak. Gero, kirol zuzendari postua eskaini zidaten. Nahi zutena zen pertsona batek futbol profesionala eta harrobia koordinatzea, taldearen arrekontua jaitsita.

Espero al zenuen aukera hori suertatzea?

Ez nuen espero. Eibarrera iritsi nintzenean, asmoa zen entrenatzaile arloan lan egitea. Harrobiko koordinatzaile eta kirol zuzendari lanpostuak eskuratzeko aukerak ez nituen buruan. Aukerak onartu eta formakuntza jaso nuen.

Kirol zuzendari izanda, zein da zure egitekoa?

Klub bakoitzak profil desberdina du. Niri ibilbide hori hasieratik egitea egokitu zait; etxea lehen solairutik teilatura arte landu dugu. Entrenamenduak ikusi, entrenatzailearekin hitz egin, bulegora joan eta gauza batzuk koordinatu, konpromisoak lotu, medikuekin egon, harrobiko entrenatzaileekin bildu… Hori da nire egitekoa. Gure saileko hiru tekniko bidaiatzera atera tzen dira asteburuetan, eta haiekin mezu bidez hitz egiten dut. Xehetasun txiki asko dira. Guztiaren gainean egon behar da.

 

"Ia-ia orduro hartu behar izaten da erabakia, eta erabaki horietako asko ez dira gustukoak izaten"

 

Egokitzeko zailtasunik izan al duzu?

Garbi dago: ardura bat duzunean, ia-ia orduro hartu behar izaten da erabakia, eta erabaki horietako asko ez dira gustukoak izaten. Gaur egun klubean kargua dutenek, ardurak norbere gain hartu behar dituzte gauzak ondo irteten ez direnean; eta hori egitea kostatu egiten da. Ohituta eta oso mentalizatuta egon behar da; hori da askotan kudeatzerakoan gehien kostatzen dena.

Eibarrera iritsi zinenean kluba ez zegoen ekonomikoki ondo.

Zuzendaritzakoek beti izan du garbi ezin genuela dirua gastatu, eta hori ikasi dut haiengandik. Erabaki gogor batzuk hartu behar izan genituen: gure txokoa ixtea, administrazioan ere jende gutxiago izatea… Urte hartako aurrekontua oso txikia zen aurreko urtekoarekin alderatuta, baina lan ona egitea eta jokalari batzuk ekartzea lortu genuen. Diru asko ordaindu ez arren, jokalari batzuen oso gainean egon ginen, eta Realak ere lagundu zigun jokalari batzuk utzita. Beste estrategia batekin mugitu ginen, utzitako jokalari gehiago izan genituen. Taldeari garrantzia handia eman genion mediku eta fisioterapeuta bana lotuta. Zerbitzu aldetik, Eibar aukera ona zela erakustea nahi genuen.

Oso denbora gutxian iritsi zen Eibar Espainiako Bigarren B Mailatik Lehen Mailara; 2014an, hain zuzen ere. Nola izan zen egonkortze prozesua?

Ez genuen espero Lehen Mailara igotzea. Mirari bat izan zen. Bigarren Mailan txapeldun izateko gauza asko egin ziren ondo. Nigandik hasita, Lehen Mailako lehen urtean kluba ez zen egon prest mailak eskatzen zuena emateko. Mailaz jaitsi ginen, baina Elx taldearen egoera administratiboagatik, mailari eutsi genion. Olatu handi batek harrapatu gintuen, eta itsasoaren erdian geunden, espero ez genuen olatu hartan. Bigarren urtean, ordea, ikasi genuen nora joan behar zen eskaintzak egitera, zer diru kopuru gastatu behar zen, zer egitura eduki behar genuen… Prest egon ginen olatuari aurre egiteko.

Diruak garrantzia handia du, baina Eibarrek erakutsi du aurrekontu txikiarekin lehiatu daitekeela.

Garbi genuen Eibar zerbitzu aldetik gainerako taldeen desberdina izatea oso garrantzitsua zela. Handitzen joan garen heinean, lau fisioterapeuta, bi mediku, nutrizionista bat, psikologo bat, delegatu bat, team manager izenez ezagutzen den pertsona bat eta bi material arduradun izendatu ditugu; egun, beharrezkoak dira horiek.

Erraza al da beste taldeek baino diru gutxiago izanda fitxaketak egitea?

Fitxatu aurretik jokalariarekin elkarrizketa pertsonal bat izatea garrantzitsua da, nor garen, hemen zer gauza aurkituko dituzten, nola lan egiten dugun eta klubak zer egitura duen azaltzeko. Diru gehiegi izan gabe, lan egiteko modu hori asko landu dugu.

Lehen aukera fitxatzen ez denean, zer?

Guk jokalarien profil batzuk izaten ditugu hautatuta. Beti lehen aukera ixten saiatu behar izaten dugu, baina helburua lortzen ez denerako bigarren, hirugarren edota laugarren aukerak eduki behar izaten dira prest. Zelaiko postu bakoitzerako aukera bat baino gehiago izaten ditugu, lehen aukera fitxatzea oso zaila izaten baita.

Talde asko egoera txarrean direnean, entrenatzaile ak eta kirol zuzendariak kolokan izaten dira sarri. Sekula sentitu duzu zeure burua egoera horretan?

Ez, sentipen hori ez dut sekula izan. Eibar zentzu horretan desberdina da. Baudaude mugimendu horiek egiten dituzten taldeak.

Presiorik sentitu al duzu inoiz?

Errua aitortu, ikusi, esan eta norbere gain hartu behar izaten da. Ondo ateratako gauzak gehiago dira gaizki irtendakoak baino. Lortu gabeko helburuak ere izaten dira, eta askotan egun hartan egindakoa ez errepikatzearekin pentsatzen duzu. Hamar urtean jokalari asko igaro dira klubetik, eta okerra onartu eta garbi esan behar da hanka sartutakoan.

Zertan desberdintzen da Eibar beste taldeekiko?

Konfiantza dugu jendearekin. Pertsona langilea eta leiala bada, asko du irabazita. Izar askok eraman dute Eibar dagoen lekura: Gaizka Garitano, Mendilibar… Asko dira, baina bada guztien gainetik gailentzen den bat: Eibarren eredua. Klubean ez dago nagusi bat, kontseilu bat baizik. Kontseilu horrek erabakitzen du profesional batzuk kontratatzea, eta horiekin fidatzen dira. Eredu horrek asko esaten du. Klubaren kontrola edukitzeko dirua jartzen duen nagusi bat izango balu Eibarrek, zailago zatekeen Eibar beste taldeekiko desberdina izatea.

 

"Izaten ditut une txarrak, baina niretzat ez da arazoa jokalari bat ikusteko bidaia egin behar izatea"

 

Nola deskribatuko zenuke zeure burua kirol zuzendari bezala?

Pasioa, gogoa eta ilusioa ditut, eta lanorduak ez dira arazo niretzat. Izaten ditut une txarrak, baina niretzat ez da arazoa jokalari bat ikusteko bidaia egin behar izatea. Futbola da nire bizitza, eta hori abantaila handia da. Oso garrantzitsua da aukerari eustea, hori lantzea eta gosea izatea. Ilusio faltak ez lidake lanean horrenbeste aukera emango.

Ba al du Eibarrek etorkizunerako egitekorik?

Eibarrek badu plan estrategiko bat. Gauza asko daude ondo finkatuta edo bideratuta. Esaterako, kirol hiria. Guretzat urrea da; oraindik egin gabe dago, baina bideratuta dago proiektua. Amaitzean ikusiko dugu Lehen Mailako ibilbideak zer eragin duen. Harrobiko jokalariak goiko mailara bideratzea ere bada asmoa. Zaila da hori eta prozesua luzea da, lan asko egin behar baita beheko mailetan.

Nola ikusten duzu harrobia?

Ondo. Egitura handia da, talde asko ditugu, organigrama eta arlo askorekin. Ekonomikoki ondo egoteak ere ahalbidetzen du lanaren ehuneko zati bat harrobiari eskaintzea. Pausoak eman dira: jokalari gazte batzuk dagokiena baino maila bat gorago ari dira jokatzen. Espazioaren eta denboraren arazoa dugu Eibarren, instalakuntza aldetik gaizki baikaude. Arazo hori alde batera utzita, hobekuntza handiak ditugu egiteko.

Fran Garagarza prentsaurreko bat ematen. 

 

Berehala irekiko da neguko merkatua. Sasoi zaila al da kirol zuzendarientzat?

Merkatu arriskutsua da. Talde txikioi ez zaigu gehiegi gustatzen. Gaizki bazaude, aukera duzu mugimenduak egiteko, baina talde handientzat egindako merkatua da. Zure taldeko jokalari bat ondo baldin badabil, kentzeko aukera izan dezake talde indartsu batek.

Nola egiten duzue jokalarien jarraipena?

Taldearen erabakitzen badu jokalari bat fitxatzea, zuzenean ikusi behar dugu jokalari hori. Fitxatzerako, gutxi gorabehera, etxeko eta kanpoko partidetan tekniko desberdinek hamar aldiz ikusi behar dute jokalaria zuzenean. Gutxienez, bi teknikarik esan behar dute lehen filtroan jokalaria fitxatzeko modukoa dela. Gero, informazio hori idazkari teknikoari pasatu behar zaio, eta hark ondo ikusten badu niri esaten dit. Nik oniritzia ematen badut, entrenatzailearena da azken hitza.

Zein da arakatzeko merkatu zailena?

Europatik kanpoko liga batzuk aztertzen ari gara, baina zailagoa da horiek kontrolatzea. Adibidez, Argentinan, Venezuelan edo Uruguain presidenteak kontrolatzen du askotan jokalaria, edo inbertsio-funts batek du jokalariaren ehuneko zati bat. Horrek zailtasun asko eragiten ditu. Jokalari bat fitxatu nahi baduzu, asko itxaron behar da negoziaketa aurrera eramateko. Liga horietako fidagarritasuna txiakiagoa da, eta beraz, guk ez dugu denbora gehiegi galtzen horietan.

Zein da Fran Garagarzaren gustuko jokalariaren profila?

Jokalari onak eduki behar dira taldea zalantzarik gabe, baina pertsona jarri behar da guztiaren aurretik. Horregatik egiten ditugu elkarrizketak. Gure teknikoak jokalaria zuzenean ikustera joaten direnean, beroketa ere ikusi egin behar izaten dute. Partida bukaeran ere zain egon behar izaten du zer auto duen, zelaitik norekin ateratzen den, familia duen edo ez… ikusteko.Eibar sei urtean dagoen lekuan egotearen ardura klubeko pertsonena da. Pertsonen kudeaketan garrantzi handia du Jose Luis Mendilibarrek.

Zure burua epe luzera Eibarren ez zenuela ikusten esan zenuen. Zergatik?

Urte askora Eibarren ikusten al nitzen galdetu zidaten. Zaila da pentsatzea hemendik urte batzuetara non egongo naizen, eta are zailagoa futbolaren kasuan. Denboraldia nola bukatuko dugun pentsatzen dut orain, eta helburu hori lortzeko gure taldearen egoera nolakoa den daukat buruan. Eibarren momentuarekin pentsatzen dugu; oso zaila da gero zer gertatuko den jakitea.

Gustatuko al litzaizuke Eibarren jarraitzea?

Jende askok esaten du talde guztien artean desberdinena Eibarren eredua dela. Guk egin dugu eredu hori, guk eraiki dugu etxea, eta horren partaide sentitzen naiz; Eibarren ditudan sentipenak ezingo ditut eduki beste inon. Oso neure sentitzen dut kluba. Etxetik gertu nago, kontrolpean dut egunerokoa, eta konfiantza dut presidentearekin eta kontseiluko kideekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide